Pinseque murriztu baten aurrean haize-bolada moratua (9-1)

2018-02-25T16:18:29+00:002018.02.25 |Tags: , |

Pinseque bezalako talde bati bederatzi gol sartzea ez da errepikatzea erraza den lorpen bat. Lauburuk aragoiarrei egotzitako zuzentzailerik zorrotzena izan zen atzokoa, zalantzarik gabe. Talde hau sailkapeneko lehenengo postuak betetzen ohitua dago azken denboraldietan, baina Zaragozakoek duten potentzial hori azken hilabeteetan murriztu egin zaie, lantaldean duten lesio kopurua dela eta. Baja hauen ondorioz, atzoko norgehiagoka ez zen oso ikusgarria izan eta bisitariak Alfredo Hualderen mutilen lan onaren ondorioz denbora baino lehen etsi behar izan zuten.

Norgehiagoka azkar jarri zen moratuen alde, ibartarrak neurketara kontzentrazio maila altuarekin sartu ziren, eta hasieratik setiatu zuten Antonioren atea. Honela, lehenbiziko minutua bete aurretik, Aitzolek, Andoni Carlosenak egindako tiro bat ipurmasailarekin alderatu eta markagailua estreinatu zuen. Markagailuan hain azkar aurreratu izanak moratuen anbizioa handitzea eragin zuen. Antoniok ongi ebatzitako hurbilketa batzuen ostean, honek, taldeko konbinazio batean Igor Echarrik egindako barneraketa baten aurrean ezin izan zuen ezer egin. Irurtzungo jokalariak atezaina maisutasunez driblatu eta ia-ia angelurik gabe, errenta handitzea lortu zuen.

Partiduko 10. minutuan, Garmenek 3-0ekoa egin zuen, atzokoan sartu zituen hiru goletatik lehenengoarekin. Ibarrako jokalari dotoreak bere oportunismoa saritua izan zuen, Aitzolen zerbitzu bat bigarren zutoinean errematatuz. Hirugarren tanto honek moratuak erlaxatu zituen eta kezka handien momentuak bizitu zituzten orduan. Pinseque, harrotasunez, neurketa berdintzen saiatu zen eta partiduan sartu zitekeen, lehenengoa zutoinean jotzeagatik eta bestea Josebaren lan bikainagatik izan ez balitz. Gauzak honela, markagailuan errenta eder bat zutela iritsi ziren atsedenaldira, baina nahastutako sentsazioekin, lehenengo zatiaren amaiera ez zelako zati osoaren isla izan, azkeneko zatia beste guztiaren balaztada izan zelarik.

Alfredo Hualderen mutilak pistara indarberrituta sartu ziren eta erritmoa handitu zuten. Honek aragoiarren itxaropen txikiena ere baztertu zuen, bi aldaketa egiteko aukera besterik ez baitzuten. Bigarren denbora hasi bezain pronto, bisitariek egindako falta baten ondorioz, penalti ebatzi zuten moratuen alde eta Danik, taldearentzat laugarren gola sartu zuen. Errenta handitzen joango zen jarraiko minutuetan, lehenbizi Garmen izan zen, buruz Josebak pasatako diagonal luze bat errematatuz eta Antonio bere irteeran engainatuz; ondoren Andoni Carlosena izan zen, Beñaten asistentzia baliatu eta ate hutsera bota zuenean. Sei golen aldea zuten jada.

Pinseque guztiarekin saiatu zen eta norgehiagoka amaitzeko oraindik 12 minutu falta zirela, pistan bosteko jokoa jarri zuen. Bisitariak Jesus Benitoren eskutik lortu zuten golaren saria, Lauburuko defentsan izandako akats bat aprobetxatu zuenean. Hala ere, ez zuten partidua iraultzea lortu, moratuek nagusi izan ziren norgehiagoka guztian. Nagusitasun hori markagailuan islatu zen berriro beste hiru tantoekin. Lehenengoa, 7-1 izango zena, Andoni Agirrezabalak sartu zuen eta gol bikain bat izan zen. Trantsizio azkar batean baloia gidatu eta tiro bortitz baten bidez eskuadratik sartu zuen.

8-1ekoa Igor Echarrik egin zuen, Andoni Carlosenak zerbitzatutako diagonal bat jaso eta bigarren zutoinera boteaz. Azken gola Garmeni egokitu zitzaion, Jesus Benito, Daniri egindako sarrera itsusi baten ondorioz kaleratu ondoren, eta moratuek jokalari gehiagorekin jokatzen ari zirela. Elaborazio mantso baten ostean sartu zuen Garmenek ate hutsean, Javi Saldisek egindako asistentzia eder bat amaituz.

Norgehiagoka luzeegia egin zen bi taldeentzat. Ibartarrak 3 puntu gehiago lortu ditu eta jokatzeko jardunaldi bat gutxiago. Sailkapenak ez du aldaketa handirik izan, moratuek bere jarraitzaileekiko 4 puntuko aldea izaten jarraitzen baitu. Abantaila hau berriro proban jarriko da, Lauburuk Zaragozara bidaiatu eta Las Fuentes – Nuestra Señora del Portal taldearen kontra jokatu beharko baitu. Zaragozakoek sailkapenean betetzen duten postuaren arabera larri daude, baina gainditzeko aurkari zaila izango da, geratzen diren partidu guztiak finalak balira bezala jokatu baitituzte. Ahalik eta ondoen prestatu behar da irteera hau, momentu honetan ditugun pribilegiozko postuak betetzen jarraitu nahi badugu.

#GoazenLauburuKEIbarra

PARTIDUAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Andoni Agirrezabala (1), Javi Saldise, Aitzol (1) eta Andoni Carlosena (1). Dani (1), Zumeta Igor Echarri (2), Beñat, Garmen (3) eta Xabi Arranzek ere, jokatu zuten.

PINSEQUE F.S.: Antonio, Carlos, Luis Miguel (2), C. Santabárbara eta Jesús Benito. Oscar eta Rubének ere, jokatu zuten.

TXARTEL HORIAK: Andoni Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA) / Luis Miguel (PINSEQUE F.S.).

KALERATZEAK: Jesús Benito (PINSEQUE F.S.).

GOLAK

  • 1-0 MIN 1 Aitzol
  • 2-0 MIN 5 Igor
  • 3-0 MIN 10 Garmen
  • 4-0 MIN 21 Dani
  • 5-0 MIN 23 Garmen
  • 6-0 MIN 27 Andoni Carlosena
  • 6-1 MIN 29 Jesus Benito
  • 7-1 MIN 33 Andoni Agirrezabala
  • 8-1 MIN 34 Igor Echarri
  • 9-1 MIN 35 Garmen

EPAILEAK

  • Miguel, Manchado García (Kantabriako Komitea)
  • Rubén, Sobaler Pesquera (Kantabriako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

  • Txema, Montero Celaya (Euskal Komitea)

Oharra: Leaburuko Ostatu jatetxeak klubeko bazkide guztien artean eskainitako bi lagunentzako afariaren zozketan irabazle IRATI ALDALUR izan zen. Zorionak!!!!