Amesten jarraitzeko, azken derbia Belabietan

2018-04-05T13:14:47+00:00 2018.04.05 |Tags: , |

LAUBURU KE IBARRA – F.S. SANTURTZI

Larunbatean gure lehenengo taldeak denboraldiko azken derbia jokatuko du FS Santurtzi taldearen kontra, ligako 26. Jardunaldiari dagokion norgehiagokan.

Txapelketa amaitzeko bost jardunaldi besterik ez dira falta eta ibartarrak bizkaitar talde indartsu hau jasoko dute larunbatean. Helburua, liga hirugarren postuan amaitzeko hiru puntu baliotsuak lortzea. Santurtzi taldea etxeko lanak eginda iritsi da ligako azken fase honetara, kanpaina bikaina burutzen ari dira eta permanentzia aspaldi irabazi zuten. Azken norgehiagokan, Segorberen kontra, Aitor Larrearen mutilak ezin izan zuten etxean irabazi, baina azken jardunaldietan eraman duten ibilbideak erakusten duena zera da, Guadalajararen aurrean berdinketa lortu zutela eta San Juani bere etxean irabazi ziotela. Beste aldetik, Lauburuk goranzko bidearekin jarraitzen du, bigarren buelta osoan porrotik ezagutu gabeko bolada ona izan dutelarik. Hala ere, Santurtzi bezalako talde bat garaitzeko ez da nahikoa izango, hiru puntuak Belabietan geratzeko moratuak beren bertsiorik onena atera beharko baitute.

Aste honetan, norgehiagoka garrantzitsu hau prestatze bidean Lauburuko lehenengo taldeak kalitate oneko bi entrenamendu saio egin ditu. Entrenatzailearen hitzetan: “Konfiantza handiarekin eta goranzko joerarekin iritsi gara denboraldi amaiera honetara, hirugarren postua lortzeko helburua geroz eta hurbilago daukagu eta jardunaldi bakoitza final baten moduan jokatzen dugu. Gazteak oso ongi ari dira entrenatzen, oso motibatuta ikusten ditut eta honek asko laguntzen du saio bakoitzean”.

Erizaintza ere, pixkanaka husten doa eta oraingoan Alex eta Joseba bakarrik izango dira baja.

Beti bezala partiduaren jarraipena Klubeko Twitter bidez egin dezakezue.

Ez ahaztu, LARUNBATA APIRILAK 7, 18:30ean

#GoazenLauburuKEIbarra

Oharra: Atsedenaldian klubeko bazkideen artean Danon Txokoa Tabernak eskainita, bi lagunentzako afaria zozketatuko da.