Larunbat arratsaldean saio bikoitza izango da Belabietan

2018-04-06T08:33:12+00:00 2018.04.06 |Tags: , |

Ligako hogeigarren jardunaldi honetan, Lauburu Mahala Ibarrak Rodiles FS jasoko du larunbatean 16:00etatik aurrera Belabietan. Ibartarrak Bilbon lortutako azken garaipenaren ostean Asturiaskoen aurrean ere, irabaztera aterako dira. Aste Santuetako atsedena eta gero, talde moratua ligako azken ostikoei begira itzuli da entrenamenduen errutinara. Txapelketa amaitzeko hiru partida besterik geratzen ez diren honetan, Aitor Arevaloren mutilak handitzen ikusi ditugu lehiaketa guztian zehar, eta liga hasiera traketsaren ostean, jarraian 9 garaipen eta 3 berdinketako bolada on bat egitea lortu dute.

Asturiasko taldea zazpi punturekin sailkapeneko azken postuan dago, baina lortutako puntuetako bat ibartarren kontrako joaneko partiduan lortu zutela gogoratu behar da. Norgehiagoka hartan, tokiko taldearen bultzada eta asmatze mailagatik moratuek asko sufritu zuten. Larunbateko bisitariek 41 gol sartu eta 85 jaso dituzte. Bere lantaldean 19 urtez azpiko Espainiako selekzioen txapelketan, Asturiasko selekzioaren izenean parte hartu duten hiru jokalari daude, Daniel Fernandez atezaina, Bernardo Barreda atzelaria eta Manuel Blanco pibota.

Gurru eta Javi ez dira egongo larunbateko partiduan, lehenengoa arazo fisikoengatik eta bigarrena ikasketa bidaiagatik. Konbokatoria osatzeko eta bi jokalari hauen bajak betetzeko, entrenatzaileak Iraitz eta Aimar eramango ditu.

Entrenatzailearen hitzetan, merezi dituenak baino puntu gutxiago dituen taldea da Rodiles. Gutxigatik galdutako partidu asko pilatu ditu eta oso ongi lehiatzen duen taldea da benetan. Defentsa lanetan oso bizia eta erasoan berriz, oso bertikala den taldearen aurrean jarriko gara. Bernardo, aurreratzen dakien eta abileziarekin iristen dakien atzelaria da, kategoriako jokalaririk onenetako bat, eta Manuel pibotea bizkarrez ongi mogitzen den gaztea da, fisikoki presentzia ona duena, kategoria honetan zure atzelariak txikiagoak eta gorpuzkera eskasagoa badira asko baldintzatzen duen ezaugarria hain zuzen.

Jarraian, 18:30ean, Bigarren B Nazional taldeak Santurtzi jasoko du liga amaierarako geratzen diren bost finaletatik lehenbizikoa jokatzeko. Bertan, hainbeste desio duen hirugarren postuagatik lehiatuko du Lauburuk, honek datorren denboraldian Errege Kopa jokatzeko aukera emango baitio. Larunbatekoa maila handiko derbia izango da beraz, gauzak asko zailtzen dizkigun aurkari baten kontrakoa eta afizioaren laguntza ezinbestekoa izango da hemendik denboraldia amaiera arte.

Aste Santuko oporrak direla eta, beste gainontzeko taldeak ez dute jokatuko asteburu honetan.