Lauburu Ibarra MahalaK 1-2 irabazi zion Kantabriako MarRock taldeari igandean, eta liga amaierarako jardunaldi bakarraren faltan puntuak gehitzen jarraitzen du. Aurkariak garesti saldu zuen porrota, bere publikoari irudi bikaina emanez, eta ibartarrak lan asko egin behar izan zuten garaipenaren alde. Garaipen berri honekin 42 puntu gehitu dituzte moratuek.

Ibartarrak oso bizi hasi ziren, baloiaren zirkulazio bizkorrekin lehenengo aukerak sortuz, baina lehenbiziko minutu hauetan tokiko atezainak lan bikaina egin zuen, bisitariak markagailuan aurretik jartzea ekidinez.

Kantabriako taldea, erasoan 3-1eko joko eskemarekin hasi zen eta banakako defentsa batekin pista erdian. Bisitarien akatsen bat espero zuten kontran atera eta bere jokalarien abiaduraz baliatzeko. Plana oso ongi atera zitzaien, bederatzigarren minutuan, atera bota zuten bigarren jaurtiketarekin, markagailuan aurretik jartzea lortu baitzuten. Gauzak zaildu egin ziren moratuentzat orduan, atezainak behin eta berriz baloi zailak ateratzen zituela ikusten zutelarik.

Tokikoen bi baloi joan ziren zutoinetara lehenbiziko zatian, eta bisitariek ere, lehenbiziko zatia amaitzeko bost minutu faltan zeudela, beste trantsizio batean, zutoinean jo zuten. Emaitza honekin amaitu zen lehenengo denbora; sortutako arrisku ekintzak kontuan hartuta, ibartarrak pixka bat gehiago merezi zuten.

Bigarren zatian ez ziren gauzak aldatu, tokikoek pista erdian kokatu eta bisitarien zain geratzen ziren; eta moratuei, partidua irabazteko beharra zutela jakinda, intentsitate eta agresibitate mailan puntu bat igotzea besterik ez zitzaien geratzen. Aukerak jarraian etorri ziren, baina ez zuten berdinketa egitea lortzen.

Bigarren zatiko lehenbiziko 7 minutuetan moratuek, atetik kanpo amaitu zuten hiru ekintza eginak zituzten; baloia ez zen atean sartzen eta norgehiagokak 1-0eko emaitzarekin jarraitzen zuen Kantabriakoen alde. 31. minutuan Paul Ruedak lortu zuen berdinketa egitea, Alvaro Alonsok egindako 1x1eko ekintza on bat aprobetxatu ostean. Ibartarrak, bigarren denbora ona egiten ari ziren eta ez zuten intentsitatea jaitsi. Bost minutu faltan Asier Colasek 1-2koa egin zuen atezaina 1x1eko ekintza batean bikain gaindituta gero.

Bisitarien golaren ostean, tokikoek atezain jokalaria atera zuten; Iker Zubelzuk baloia ostu eta ate hutsera bota zuen, baina kanpora joan zen. Bertakoak saiatu ziren, baina emaitza ez zen gehiago mugitu eta ibartarrak hiru puntuak eraman zituzten etxera.

Norgehiagokaren ondoren entrenatzaileak honela zioen: “Oso partidu ona osatu dugu erasoan, haien atezaina ere bikain egon da, zutoinera sei baloi joan zaizkigu eta berriro agerian geratu da atearen aurrean dugun gabezia. Taldea oso eskuzabal eta solidario aritu da esfortzuan eta bukaera arte sinetsi du berriro. Etxetik kanporako partidu bat erremontatzea ez da batere erraza eta gaur, minutu erabakigarrietan oso erabaki onak hartu ditugu. Datorren astean ligako azken partidua jokatuko dugu etxean, eta garaipena lortzea gustatuko litzaiguke. Honela Belabieta garaitezin geratuko litzateke denboraldi guztian eta astero-astero, etxean zein kanpoan laguntzen digun jendearen asistentzia eskertu”.

Emaitza honek, eta Eskoriatzak etxean izan duen huts egiteak Arevaloren taldea sailkapenean postu bat igotzea eragin du, larunbatean Belabietan afizioaren aurrean eta gipuzkoarren kontra defendatu beharko duen hirugarren postu bikaina, hain zuzen. Egutegian halaxe egokituta, azken jardunaldian puntu bakarreko aldea duten bi taldeak neurtuko dira. Emaitza edozein izanda ere, denboraldi zail honetan bi taldeak izan duten errendimenduagatik harro egon daitezke bi klubak; kategoriaren kontsolidazio denboraldia izan daiteke.

Larunbata, apirilak 28
16:00etan: Lauburu Ibarra Mahala – Eskoriatza

AZKEN JARDUNALDIA ETA HIRUGARREN POSTUA JOKOAN!