Lauburu Ibarra Mahalak ligari amaiera emango dio larunbatean Eskoriatza KE taldearen kontra jokatuko duen partiduarekin. Belabietan izango da 16:00etan. Aitor Arevaloren mutilak bigarren buelta bikain bat burutu dute, partidu bakar bat ere galdu gabe eta puntu bat bakarrik galduta, eta larunbatean laugarren postuan dagoen taldearen kontrako norgehiagoka zail bat irabazten saiatuko dira. Bi taldeak puntu bateko aldea besterik ez dutenez, derbi polita eta bizia izango da. Ibartarrak 42 puntu dituzte eta Eskoriatzakoek 41; bisitariek 18 jardunaldietan zehar ibartarren aurretik egon dira, pasa den asteburuan Lauburu aurreratu zen arte. Hauek irabaziz gero, hirugarren postura itzuliko lirateke.

Mikel Alcaidek gidatutako taldea oso talde bizia da defentsan; faltaren limitetan jokatzen ohitua dago eta pistaren hiru laurdenetan aldaketan oinarritutako defentsa bat egiten dute, aurkariaren atetik hurbil baloia osteko asmoz. Erasoan 3-1eko jokoa erabiltzen dute, pibotarekin; lehenengo lerroetan blokeoak sartzen dituzte pibotari paseak ahalbidetzeko asmoarekin. Bisitariek oso erregistro onak dituzte: 96 gol sartu eta 60 jaso; hori dela eta, postu onetan egon dira denboraldi guztian zehar. Etxean jokatu zuten ligako azken jardunaldian 4-10eko emaitza gogor batekin galdu zuten Xotaren aurrean, beraz, Ibarrara irabazteko grinarekin etorriko dira.

Lauburuk igandean jokatu eta bi eguneko atsedena hartu ostean, Aitor Arevaloren mutilak asteazkenen itzuli ziren entrenamenduetara larunbateko partidua eta Euskadiko Koparen prestaketa buruan zutela. Jubenilen Euskadiko Kopa datorren astean hasiko da eta Lauburuk Gora Bilbao taldearen kontra jokatu beharko du joan itzuliko partiduan; lehenengo norgehiagoka Bilbon izango da maiatzak 5ean eta bueltakoa berriz, Belabietan maiatzak 12an.

Entrenatzailearen hitzetan: “Ez da erraza Eskoriatza bezalako talde bati irabaztea, baina momentu onean gaude eta gure pistan irabazteko gauzak oso ongi egin beharko dituzte. Denboraldi guztian lan asko egin dugu, azken partidua irabazten amaitzea lan horren isla izango da. Konpetizioa hasi genuenean, irailean, txapelketa irabazteko ilusioa geneukan, baina ez genuen hasiera ona izan eta helburu horretatik kanpo geratzea gogorra izan zen. Taldeak lanean jarraitu du hala ere, hasiera txar hura izan ez bagenu txapelketa hau ere oinetan izango genuela erakutsi arte. Hiru partidu galdu ditugu eta beste hiru berdinketarekin amaitu denboraldi guztian; hiru berdinketetan aurretik jarri gara hasieran, baina ez dugu errenta hori kudeatzen jakin izan. Aurkaria aurreratu denean ordea, erremontatzeko seriotasuna izan dugu. Horixe faltatu izan zaigu eta mutil hauek lortu behar duten heldutasuna eta eskarmentuaren parte da”.