Lauburu Ibarra Mahalak abantaila lortu du Euskal Koparen finalaurrekoan

2018-05-10T22:15:34+00:002018.05.08 |Tags: , |

Lauburu Ibarra Mahalak 2-4ko emaitzarekin garaitu zuen Gora Bilbao jubenilen Euskal Koparen finalaurrekoetan eta maiatzaren 19an jokatuko den finaletik hurbilago kokatu da. Ibartarrak oso partidu serioa jokatu zuten hasieratik bukaeraraino eta Belabietara abantaila eraman nahi izan zuen talde bat gainditu zuen. Bizkaitarrak beren pistaren erdian kokatu ziren, ibartarren akatsen zain geratu eta trantsizioetan ekintza arriskutsuak sortzeko.

Aitor Arevaloren mutilentzat izan zen baloiaren jabetza partiduaren hasieran eta jokoaren alderdi desberdinak kontrolpean zituzten. Aste batzuk lehenago kantxa berean jokatu zuten partidua entrenamenduetan analizatu ostean, moratuek abiadura handia eman zioten baloiari lehenengo minutuetan. Bertakoek moratuen defentsak doitzeko arazoak zituzten eta lehenbiziko hurbilketak ibartarrenak izan ziren, posizio-erasoan zein estrategia ekintzetan. Talde moratuak min handia egin zuen berriro ekintza bakoitza amaitzeko garaian.

10 minutu geroago hutseko berdinketarekin jarraitzen zuen markagailuak. Lehenengo zatia amaitzeko 7 minutu faltan sartu zuen Asier Colasek, lehenbiziko tantoa, bandako sake batean egindako estrategia ekintza batekin. Ez zien bisitariei pozak asko iraun baina, bertakoek ongi egindako trantsizio batean banako berdinketa ezarri baitzuten, eta emaitza honekin amaitu zen lehenengo denbora. Bizkaitarrek hirutan bota zuen atera zati guztian zehar.

Bigarren denboran gidoia ez zen asko aldatu, tokiko taldea berriro pista erdian kokatu zen ibartarrek akatsa noiz egingo zain eta kontra batean ateratzeko. Moratuek, bitartean pazientziarekin jokatzen eta posizio-erasoan aukera onak bilatzen saiatzen ziren. Norgehiagoka amaitzeko zortzi minutu falta zirela, Iraitz kadeteak egindako tiro baten ostean, atezainaren alderatzea Liherrek aprobetxatu eta 1-2koa ezarri zuen markagailuan.

Minutu bat geroago, eta falta ateratzean egindako estrategia ekintza batean, Asier Colasek bisitarien 3. gola sartu zuen. Partidua ibartarren aldeko jarri zen, eta Iker Zubelzuk 3 minutu faltan 1-4koa egin zuenean oraindik eta gehiago. Momentu horretan, bertakoek atezain jokalaria atera zuten kantxara eta 45 segundo falta zirela markagailuko tartea txikitzea lortu zuten. Honela bazterketa irekia geratzen da oraindik eta maiatzaren 12an Belabietan erabakiko da, 16:00etatik aurrera.

Norgehiagokaren amaieran entrenatzaileak honelaxe zioen: “Orokorrean oso partidu ona jokatu dugu. Kantxa erdian zure akatsen baten zain geratzen den talde baten kontra jokatzen duzunean aurkariari aukeraren bat emango dion akatsik ez egiten saiatu behar duzu, gehienbat jokoaren iniziatiba zuk daramazunen. Zentzu horretan ongi egon gara, nahiz eta eraso posizional txar batengatik kontra batean gola sartu diguten. Bero handia zegoen eta esfortzua ongi kudeatu dugu, ohiko solidaritatearekin. Bigarren zatian, 1×1 ofentsibetan ez gara ongi ibili eta galera zentzugabe batzuk izan ditugu, baina taldearen jarrera bikaina izan da berriro”.

Asteburuan izandako beste norgehiagoketan, larunbatean Belabietan klubeko infantilen bi taldeak jokatu zuten partidua azpimarratuko genuke. Gutxigatik izan zen, baina Lauburu Uzturpe 2004 taldeak irabazi zuen eta maiatzaren 12an izango den finalean Zarautzen aurrean neurtu beharko du, honek Erain ligako liderrari bere pistan irabazi ostean.

Filialak kanpoan lortu duen garaipena ere azpimarratzekoa da; Lauburu Aldaz Klinikak The Nest Zerbezeria-Hirukide taldeari irabazi eta Iurre taberna-Tolargik aprobetxatu taularen goiko postuetara igotzeko. Jardunaldi bakarraren faltan Txubelen mutilak ongi amaituko dute liga, nahiz eta titulua lortzeko Play-Offaren atarian geratu diren.

Azkenik, jubenil filialaren eta kadeteen garaipena aipatzeko. Klub moratuarentzat jardunaldi bikaina izan da.