Belabietak jai giroan agurtuko du Lauburu

2018-05-17T12:32:05+00:00 2018.05.17 |Tags: , |

LAUBURU KE IBARRA – COLO COLO
Datorren larunbatean, lehenengo taldeak Belabietan Zaragozako Colo Colo taldearen kontra ligako bere azken partidua jokatuko du. Zorteak halaxe nahi izan du eta aurreko denboraldiko titulua berretsi duen ligako txapelduna eta sailkapenean hirugarren doan taldearen arteko norgehiagoka izango da denboraldi bikain honi amaiera emango diona. Jada Errege Koparako sailkapena lortuta, Alfredo Hualderen mutilak izango dute oraindik zer borrokatu. Moratuek etxean irabazi eta Sanjuandarrek Burgosen galduz gero, Lauburu bigarren postura igoko litzateke.

Ia galdu gabeko bigarren itzuliaren ostean, moratuek harro egoteko hainbat erregistroekin eta multzoan gol gutxien jasan dituen taldea izaten amaituko du liga. Etxetik kanpora jokatutako 16 norgehiagoketan behin bakarrik galdu dute, justuki, larunbat honetan jasoko duten taldearen kontra gainera. Beraz, oraingoan errebantxa kobratzeko gogotsu egongo dira ibartarrak. Aragoiarrak, lehenengo itzuliaren erdialdera lortu zuten lidertza, eta harez geroztik zorrotz kontrolatu du multzoa. Taldean izen handiko jokalariak ditu eta aurtengo denboraldian ere igotzeko aukera izango dute, iaz arazo ekonomikoengatik baztertu behar izan zuten aukera bera, hain zuzen.

Alfredo Hualde entrenatzaileak honakoa zioen: “Errege Kopa jokatzeko aukera irabazita oso pozik gaude. Orain Colo Colo, Ligako txapeldunari irabazteak ematen duen motibazioa daukagu borrokatzeko. Bigarren postua lortzea izugarria izango litzateke taldearentzat eta afizioarentzat. Gainera, etxean jolasten dugu, Belabietan, eta denboraldi guztian gurekin egon den afizioari poz handi bat eman nahi diogu, zaleak zapore gozoarekin utzi. Guztiok pentsamendu bakarra daukagu: garaipena”.

Partiduan baja izango dira Alex eta Aitzol, eta azken ordura arteko zalantzak Garmen eta Zumeta.

Gogoan izan, norgehiagokaren nondik norakoak klubeko twitterretik jarraitu ahal izango dira:
@lauburukeibarra

Ez ahaztu, LARUNBATA MAIATZAK 19, 18:00etan

#GoazenLauburuKEIbarra

Oharra: norgehiagokaren atsedenaldian, Leaburuko Ostatu jatetxeak eskainita, klubeko bazkide guztien artean bi lagunentzako afari bat zozketatuko da.