Zierbenaren kontrako entsegu berri batean, prestaketarekin jarraitzen du Lauburuk

2018-08-27T15:12:23+00:002018.08.27 |Tags: , , , |

Laubururen lehenengo taldea prestaketa lanetan jarraitzen du eta pasa den larunbatean berriro Zierbena bizkaitarren kontra jokatu zuen. Aurreko jardunaldian gertatu moduan, norgehiagokak bi zati desberdin izan zituen; lehenbizikoan, Alfredo Hualderen mutilak maila onean jokatu zuten, nahiz eta baja batzuk zituzten. Bigarrengo zatian berriz, egindako akatsen ordaina jaso behar izan zuten. 1-4ko azken emaitzak lehiaketaren hasierara gutxieneko bermearekin iritsi ahal izateko taldeari geratzen zaion bidea islatzen du.

Hasieran bi taldeak goian jarri zituzten defentsak. Ibartarrak izan ziren lehen aukerak sortu zituztenak, Danik zutoinera botatako baloi batekin eta lehenbiziko minutuetan egindako hurbilketa arriskutsuekin. Hala eta guztiz ere, bisitariek izan ziren lehenengoak gola sartzen, Efrenek bertako atzelariak ustekabean harrapatu eta gola sartu zuenean. Jokoak tonika bera mantendu zuen atsedenaldira arte, bi taldeak gola sartu nahi bai, baina atezainen lanagatik lortu ezinik.

Aldageletarako bueltak berriz, ez zion onik egin Ibarrako taldeari, bigarren zatia hasi eta segituan defentsaren doitze faltagatik bi gol jasan behar izan baitzituen. Honek ziurgabetasun minutu batzuk ekarri zituen eta disgustu berri bat izateko zorian egon ziren, baina zorionez, Danik egindako oste baten bidez moratuek lortu zuten berriro partidan sartzea. Baloia ostu eta Kikekin konektatzea lortu zuen, honek bigarren zutoinera bota eta 1-3koa egiteko. Mario atezainak ongi bideratu zituen beste eraso batzuk egin zituzten bertakoek, markagailua estutu nahian, baina Zierbena izan zen berriro sartu zuena Efrenen bidez.

Azken minutuetan Lauburu bosteko jokoan murgildu zen, baina besteetan ez bezala, ezin izan zuten asmatu eta sortutako aukerak gauzatu gabe geratu ziren. Ondorioz, markagailuan 1-4ko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka.

Ibarrako lehenengo taldeak abuztuaren 28ko asteartean ekingo dio entrenamenduari, biharamunean Antiguoko KE talde donostiarraren kontra jokatuko baitu. Talde honek hirugarren mailan jokatzen du eta Intxaurrondoko Inter taldetik dator. Liga hasteko hiru aste falta direla, moratuen makineria puntu puntuan jartzeko erabakigarria izango da.