Errege koparen aurreko fasea pasatzea lortu du Lauburuk (3-2)

2018-09-20T15:10:29+00:002018.09.20 |Tags: , , , |

Azken segundora arte emozioa, joko bizia, golak eta gol onak, sufrimendua, polemika…., denetik egon zen astearte gauean Belabietan. Lauburu eta San Juan taldeak Errege Kopako hurrengo bazterketara pasatzea jokatu zuten, bertan, Bigarren Mailako talde bat zain egongo delarik.

Partidua ez zen ongi hasi etxekoentzat, tentsio handiarekin sartu ziren ta ohiko jokoa garatzen kosta egin zitzaien. Honela, hiru minutura Pulidok egindako jaurtiketa bat masta motzetik barrena Zuhaitzen atean sartu zen. Handik aurrera erosoago sentitzen hasi ziren moreak eta arriskuzko jokaldi batzuk ere, sortu zituzten berdinketa egitea lortu aurretik. Berdinketaren gola Beñatek sartu zuen bandako estrategia jokaldi batean Amezqueta azpitik menderatuz. Tanto honek iruindarren animoan eragin zuen eta laster iritsi zen bigarren gola; Beñatek bandan egindako jokaldi bikain bat Javi Saldisek errematatu zuen baloia sareetara bidaliz. Momentu horretatik aurrera San Juan berdinketaren bila joan zen, iristea lortu zuen hainbat aldiz, baina Zuhaitzek markagailua geldirik mantentzen jakin izan zuen. Talde moreak abantaila handitu nahi eta kontraerasoan lau jokalarien artean burututako jokaldi kolektibo on batekin hirugarren gola egin zuten: Javi Saldisek baloia ostu Alvarorentzat, Alvaro Andonik lagunduta aurkariaren kantxara iritsi, Oihani pasa beste bandan eta honek puntarekin sareetara bota zuen. Honela, ibartarren aldeko bi golen abantailarekin, atsedenaldira iritsi ziren.

Aldageletatik bueltan garbi geratu zen San Juanek ez zuela Kopan aurrera jarraitzeko aukera galtzen utzi nahi, eta bere defentsaren intentsitatea igoaz baloiaren jabetza kendu zion talde moreari. Harmailetara sufrimendua ekarri zuen honek, berdeak geroz eta arrisku handiagorekin iristen baitziren bertakoen areara. Bigarren zati honetan Peña izan zen bere lanaren ondorioz, jokalari bisitariak asaldatzea lortu zituena. Iniziatiba San Juanena zen, baina Ibarrak ere izan zuen trantsizio azkar batzuetan, eta asmatu izan balu, partidua erabakita geratuko zen. Azken minutuetara iritsi orduko sortu zen polemika. Lehenbizi, bigarren txartel horiagatik Andoni Carlosenaren kanporaketa etorri zen, Ibarrako taldea gutxiagotasun egoeran utzi eta San Juanek hori aprobetxatuz, Toren golarekin bien arteko aldea murriztea lortu zuelarik. Ondoren, atezain nafarraren areatik kanpo, txartel horiarekin bakarrik zigortua izan zen zalantzazko esku  bat; eta azkenik, San Juanek botatako penalti bikoitza errepikatu behar izateak, non ez Torek ezta Txemak ere ez zuten asmatu sareetara botatzen. Gauza hauek guztiak Belabietako tenperatura igotzea eragin zuten. Azken bi minutu hauetan San Juanek bosteko jokoa atera zuen eta ibartarren defentsara hurbildu zen, baina aukerarik garbiena Oihanek izan zuen, Javi Saldiseren zerbitzu bat medio, penaltiaren puntutik ate hutsera bota zuenean, sartzen asmatu gabe. San Juanek zortzi segundo falta zirela izan zuen bere azken aukera: Pulidok bota eta Peñaren alderatze bat aprobetxatu nahi izan zuen, baina ez zuen atean asmatu, eta honela iritsi zen amaiera, Laubururi pasea emango zion 3-2ko emaitzarekin. Inguratutako jarraitzaile more mordoak bi taldeak txalotu zituen, norgehiagoka guztian zehar egindako esfortzuagatik.

Orain garaipen hau gozatu eta dastatzea tokatzen da, Laubururi Belabietara Bigarren Mailako talde bat ekartzeko aukera eman dio-eta. Datozen egunetan egingo den zozketan jakingo da aurkariaren berri, eta urriaren 8an edo 9an jokatuko da Belabietan bertan.

#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreeginLauburu

 

XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, A. Carlosena, Oihan (1), J. Saldise (1) eta A. Agirrezabala Aitzol, Zumeta, Beñat (1), Alvaro, Garmen, Dani G., eta Peñak ere, jokatu zuten.

AD SAN JUAN – DONIBANE KE: Amezqueta, Marín, Tore (1), Iago eta Román. Igor, Guille, Julen, Pulido, Txema, Javi eta Txorok ere, jokatu zuten.

TXARTEL HORIAK: Andoni Carlosena (2), Dani García, Zumeta eta Beñat (LAUBURU K.E. IBARRA) / Javi Oroz, Pulido (1), Tore, Román eta Txoro (AD SAN JUAN)

GOLAK

0-1 MIN 3 Javier Pulido

1-1 MIN 7 Beñat

2-1 MIN 10 Javi Saldise

3-1 MIN 15 Oihan

ATSEDENALDIA

3-2 MIN 35 Tore

EPAILEAK

Asier Alfonso Ares (Bizkaiko Komitea)

Iker de la Hoz Escudero (Bizkaiko Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Txema Montero Celaya (Gipuzkoako Komitea)