Lauburuk Otxartabe berritu baten kontrako derbia du aurrean

2018-09-21T15:24:31+00:002018.09.21 |Tags: , , , |

Pasa den asteartean San Juanen kontra lortutako Errege Koparen final-hogeita hamabikorako paseaz gozatzeko denborarik gabe, Lauburuk denboraldiko bere lehenbiziko derbia jokatuko du Bizkaian. Ligako bigarren jardunaldia izango da eta aurkaria Otxartabe.

Iaz hirugarren mailan denboraldi bikaina egin eta bigarren postuan amaitu ostean lortu du Otxartabek Bigarren B-ko multzo honetan tokia. Bigarren B-ko multzoen berregituraketak eta talde batzuk kategoria honetan jokatzeari uko egin izanak, igotzeko aukera eman zien bizkaitarrei. Hala ere, ez dugu pentsatu behar kategorian jarraitzeko borrokatuko duen talde bat izango dela, alderantziz; kalitate eta eskarmentu handiko lantaldea osatu du eta, tartean, 1go eta 2. mailan ibilitako jokalariak, Yeray edo Christian Blanco bezala. Pasa den astean Sala Quintori bere kantxa propioan 1-7ko emaitzarekin irabazi zion.

Lauburuk berriz, pasa den asteartean Errege Koparen aurreko fasea jokatuta aste berezia izan du, baina orain kontzentratu eta iazko denboraldian hainbeste poz eman zion ligari begira ipini beharko du berriro, Errege Koparako sarrera lortzearen saria, taldeak burututako denboraldi bikain horren emaitza izan da-eta.

Larunbateko norgehiagokan Andoni zalantza izango da azken ordurarte, astearteko partiduan behatzean mina hartu baitzuen. Alexek ere, errekuperazio prozesuan jarraitzen du.

Alfredo Hualde entrenatzaileak honela zioen: “Partidua prestatzeari edo entrenatzeari dagokionez aste atipikoa izan ondoren, ikusi beharko dugu ea iazko denboraldian egin genuen moduan, etxetik kanporako norgehiagoketan parez pare lehiatzeko gain garen. Otxartabek egingo duen jokora nola egokitzen garen ere, ikusi beharko dugu; kalitate handiko jokalariak dituen aurkaria da eta intentsitate zein kontzentrazio handiena exijituko digute partiduko edozein momentuetan”.

Txurdinagako kiroldegian izango da, 18:15ean.

Betiko moduan, norgehiagokaren nondik norakoak Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango dituzue.

Ez ahaztu: LARUNBATA, IRAILAK 22, 18:15

GOAZEN LAUBURU!!!

#GoazenLauburuKEIbarra  #AukeratuMoreeginLauburu