Harrotzeko moduko Lauburu atarian geratu da (1-2)

2018-10-11T17:27:24+00:002018.10.11 |Tags: , , , |

Belabieta bero-bero eta zaleak buru-belarri 12 jokalariekin. Lauburu balentria are zailagoa lortzeko zorian egon zen asteartean. Ur handitan ibili ostean, itsasertzean geratu ziren azkenean Alfredo Hualderenak, bost minutu faltan bisitariek sartutako gol baten biktima.

Ordurako Ibarrak garaipenean zuen burua. Hasiera zaila izan zen, Madrildarrek bere kategoriak ematen dien erritmo puntu handiago horretaz baliatzen saiatu ziren; moreak ongi egokitu ziren, honela garaipenaren bila zihoazela erakutsiz. Ibarrakoei ez zitzaien asko kosta herrian estreinakoz erabiltzen zen baloiaren jabe egitea, 1go eta 2. mailako taldeak bakarrik erabiltzen duten baloia, hain zuzen. Batek daki, noiz erabili ahal izango den berriro pista morean.

Indarrak paretsu zeudela ematen zuenean, markagailuan aurreratzea lortu zuen Rivas taldeak, bandako sake batean egindako estrategia jokaldi baten bidez. Chichok atera bota zuen zuzenean Joseba menderatuz. Moreak ez zuten denbora askorik pasa kolpeaz osatzen, izan ere, 40 segundo baino gutxiago pasa ondoren, eta errotazio berberarekin, Andoni Agirrezabalak berdinketa ezarri zuen Josebak hasitako eta Oihanekin konbinatutako jokaldi polit batekin. Belabieta pozez lehertu zen orduan eta garaipena morea izango zela pentsatu genuen.

Ordutik atsedenaldira arte bi aldetan sortu ziren aukerak. Josebak abilezia handiarekin ebatzi zituen hainbat jaurtiketa arriskutsu, baina Lauburuk ere, lortu zuen bisitarien atean ezinegona sortzea. Horrelaxe iritsi zen atsedenaldia eta aldageletarako bidea hartu zuten bi taldeak.

Madrildarrak martxa bat gehiagorekin atera ziren bigarren zatiaren hasieran, norgehiagokaren agintea hartu zuten, eta presio handiarekin Lauburu bere atera bultzatu. Alta, moreak sufritzen eta golik jaso gabe bere atea babesten jakin izan zuten. Osatu eta kategoria handiagoko taldearekin parez pare jarriz, bazterketa irabaztera joan ziren. Hainbat jokaldi lotu zituzten eta Aitzol, Andoni, Beñat, Javi, Oihan eta besteak iritsi ere egin ziren, harmaila dardarka jarri eta ametsa gertu zegoela pentsarazi zuten. Baina amaierarako bost minutu falta zirela, Danielek egindako jokaldi bikain batekin 1-2koa markatzea lortu zuen. Bandan eskoratuta bere parekoaz urrundu, Joseba driblatu eta baloia barrura bota zuen. Kolpe gogorra izan zen, baina ibartarrak amaierara arte borrokatu zuten. Ohi bezala, azken lau minutuetan bosteko jokoa atera zuten, honela madrildarrak bere ate inguruan biltzea lortuz. Zaleek ere amaitu arte estutu zuten eta guztien bultzadarekin hainbat alditan iritsi ziren aurkariaren atera, baina ezin izan zuten berdinketaren gola sartu. Lauburuk dena eman zuen, baina ametsaren atarian geratu behar izan zuen.

Norgehiagokaren ondoren, harmailetako zaleak zutik, ondo merezitako txalo zaparrada eskaini zien bi taldeei, honela jasotako ikuskizuna eskertu zutelarik. Urriak 8ko asteartea egun berezia izan zen Gipuzkoar areto futbolarentzat.

Hemendik aurrera, ligan zentratzea tokatzen da. Datorren larunbatean Ligako jardunaldia izango da Belabietan, eta Lauburu Valentziako Alzira taldearen kontra neurtu beharko da. 18:00etan izango da eta liga lehiakor eta paretsu honetan hiru puntuak lortzeko borrokatu beharko dute moreak.

#GoazenLauburuKEIbarra  #AukeratuMOREeginLAUBURU

XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, A. Carlosena, Aitzol, J. Saldise eta Zumeta.

Beste partaideak: Andoni A. (1), Oihan, Beñat, Alvaro, Garmen eta Dani G.

Ez zuen parte hartu: Zuhaitz

AD RIVAS FS: Juan Conde, Miguel, Alberto, Jorge eta Javi.

Beste partaideak: Samu, Daniel, Ballano, Chicho, Dani Gómez eta Javier Fdez.

Ez zuen parte hartu: Raúl

TXARTEL HORIAK:

Andoni C., Garmen, Joseba eta Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA) eta Javi (AD RIVAS FS)

GOLAK

0-1 MIN 6 Chicho

1-1 MIN 7 Andoni A.

DESCANSO

1-2 MIN 35 Daniel

EPAILEAK

Aitor Felipe Madorran (Euskal Komitea)

Eder Gómez de Salazar Fernández (Euskal Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Daniel Dos Anjos de Célis (Euskal Komitea)