Ligan zentratuko da Lauburu Alziraren aurrean

2018-10-12T09:26:08+00:002018.10.12 |Tags: , |

Pasa den astearteko Kopako partidaren ostean berriro jokatuko du Lauburuk Belabietan. Baina oraingoan ligako bosgarren jardunaldia izango da, eta Nitida Alzira talde Valentziarra izango du aurrean; denboraldi hasiera bikaina egiten ari den taldea.

Belabietara etorriko den aurkaria igo berria da kategoria honetara, baina Braulio Correalek gidatutako gorputz teknikoaren bidez oso ongi landutako lantalde on bat du. Egun 9 punturekin laugarren postuan daude, lehenengo jardunaldian Guadalajaran kontra galdu ostean 3 norgehiagoka jarraian irabazi dituztelarik.

Beraz, oso norgehiagoka lehiakorra izatea espero da, bi taldeak garaipena lortzen saiatuko baitira, batzuek dinamika aldatzeko helburuz eta besteak berean jarraitzeko.

Larunbateko erronkarako prestaketa jokalariek hanketan pilatutako esfortzuak markatua egon da. Bi saio egin dira tonu fisikoa indarberritzeko eta larunbateko neurketa zailari aurre egiteko. Lesioei dagokienez, Zumetak bizkarreko minarekin jarraitzen du Kopako partidaz geroztik, ondorioz, larunbateko neurketarako zalantza izango da.

Alfredo Hualde entrenatzaileak irakurketa hau egin zuen: “Kopako txipa aldatu beharko dugu eta gure egunerokoan zentratu, Liga, ez besterik. Kopako partidak hala behartuta nekatuta iritsiko gara, baina badakigu gure bertsiorik onena ateratzen badugu, ezingo dutela puntu gehiagok ihes egin Belabietatik. Gure zaleek gozatzea nahi dugu eta Kopako partidan nola babestu gintuzten ikusita, erabat gureganatzen bukatu”.

Norgehiagoka 18:00etan izango da Belabieta kiroldegian
Ohiko moduan, neurketa Klubeko Twitterrean jarraitu ahal izango duzue.
Ez ahaztu: LARUNBATEAN, URRIAREN 13an 18:00etan

Oharra: Norgehiagokaren atsedenaldian Danon Txokoa jatetxeak eskainita bi lagunentzako afaria zozkatuko da bazkide guztien artean.