Lauburu Ibarra Mahalak egungo ligako txapeldunaren aurka jokatuko du Castron

2018-10-18T20:19:09+00:002018.10.18 |Tags: , , , |

Lauburu Ibarra Mahalak bere ligako laugarren jardunaldia jokatuko du larunbatean 16:00etatik aurrera. Ibartarrak Kastrora bidaiatuko dute Kantabriako Castro Urdiales taldearen kontra jokatzeko. Aitor Arevaloren mutilak, ligako lehenengo hiru norgehiagokak galduta, lehenbiziko garaipenaren bila joango dira, baina horretarako ligako egungo irabazleari irabazi beharko diote.

Kantabriar taldeak hainbat aldaketa jasan ditu bere lantaldean denboraldi honetan. Iazkoan ligako titulua lortu eta ziklo bat amaitu ostean, jokalari batzuek belaunaldi berrientzako tokia utzi dute, eta egun beteranoenekin ari dira ikasten. Jokoan zeuden 9 puntuetatik 4 lortuta, nahi bezalako hasiera ez badute izan ere, potentzial handia duen taldea da eta ligako lehenengo postuetan amaituko duten zalantzarik ez daukagu.

Moreen entrenatzaileak ongi ezagutzen du kantabriar lantaldea, bertako lau jokalari Euskadiko 16 azpikoen selekzioan egon baitziren, taldea berak gidatzen zuenean. Pasa den urtean Castrok 6-1 irabazi zion Ibarrari etxean eta ibartarrak berriz, bana egin zuten Belabietan. Azpimarratzekoa da, bi taldeak iazko denboraldian berdinketa bat izan ezik, norgehiagoka guztiak irabazi zituztela etxean, eta aurten berriz, etxean jokatutako guztiak galdu dituzte.

Entrenatzailearen hitzetan: “Erasorako potentziala handia duen aurkaria da Castro. San Juanen kontra 5-7 galdu zuten etxean eta Bilbon berriz bosna egin zuten Otxartaberen kontra. Defentsa alderdia hobetzen duen momentuan puntuak hirunaka irabazten hasiko den taldea da. Gol asko jaso ditu eta larunbateko norgehiagokarako kontuan hartzeko datua da, emaitza altu batera iristen bagara duten potentzialagatik irabaziko digute. Partida defentsak erabakiko dute, markatan bizi egoten jakiten badugu eta hainbat xehetasun hobetzen badugu, norgehiagoka on bat egiteko moduan izango garela iruditzen zait”.