Lauburu Ibarra Mahala garaipenetik geroz eta hurbilago

2018-10-22T17:43:34+00:002018.10.22 |Tags: , , , |

Lauburu Ibarra Mahalak 5-3 galdu zuen Castro Urdialesen kontra, punturik lortu gabe jarraitzen duelarik laugarren jardunaldiz jarraian. Ibartarrak maila handiz lehiatu zuten ligako egungo txapeldunaren aurka, baina hutsik etorri ziren emaitza azken unetan erabaki zen norgehiagoka jokatzetik.

Markak pistako hiru laurdenetan estutuz hasi zuten partida bi taldeak, baloia aurkariaren atetik hurbil lortu nahian. Norgehiagoka prestatzeko garaian, aurkariaren indarguneak eta joa ezagututa, entrenatzaile moreak banakako defentsa bat proposatu zuen, Iker Zubelzu jarriz Aritz Galenderen gainean, kategoriako jokalaririk aipagarriena, hain zuzen; hiru jardunaldietan sartutako 8 golak dira bere bermerik onena. Lehenbiziko minutuetan bertakoek hurbilketa gehiago egin zituzten bisitarien atera, baina emaitza hutseko berdinketa izaten jarraitzen zuen. Ibartarrak estrategia ekintzetan min ematen saiatzen ziren, edota trantsizio bizkorrekin, baina aire-poltsa dezente zituen pista batean triangelukatzea kostatzen zitzaien; baloiak ez zuen botea ongi egiten, hartzea eragotziaz eta sortze-eremuak arriskuan jarriz.

Partidako zazpigarren minutuan, aurkariaren atezainaren zuzeneko sakearen ostean, eta moreen defentsan doitze akats bat medio, bertako taldea markagailuan aurreratu zen. Ibartarrek norgehiagokan sartuta jarraitu zuten eta arrisku ekintzak sortu zituzten, baina bertako taldearen atezainak alderatzen zituen. Lehenbiziko zatia amaitzeko 12 segundo falta zirela, Castrok 2-0ekoa egin zuen falta batean alderatze bat aprobetxatuz. Kolpe gogorra izan zen, baina taldea partida on bat egiten ari zen.

Bigarren zatiaren hasierak itxaropena ekarri zien ibartarrei, pibotaren joko zuzenarekin aurkariaren defentsa eraisten hasi baitzen, baina atezainaren aurrean ez asmatzeak edo atezaina beraren lan onak markagailua mugitzea eragotzi zuten ibartarren desesperaziorako. Zortzigarren minutuan eta zoritxarreko 20 segundoetan bertako taldeak 3-0ekoa eta 4-0ekoa egin zuen, norgehiagoka erabat erabakita utziz. Aitor Arevaloren mutilek ez zuten etsi eta bi minutu gogoangarrietan moreak 4-3 ezarri zuten markagailuan; golak Ion Ander Cuadradok eta Martin Ibarbiak bina eginez sartu zituzten. Talde moreak partida irauli nahi zuen eta aukerak jarraian izan zituen, baina ez zen partida berdintzera iristen. Bertako atezainak, hein batean norgehiagoka salbatu zien taldekideei eta honela azken minutuetara iritsi ziren. 5-3koa egiteko aukera ere izan zuten penalti bikoitzean, baina Javik eragotzi zien bere lan bikainarekin. Bi minutu baino gutxiago geratzen ziren eta Ibarrakoek bosteko jokoarekin atera ziren berdinketaren bila. Alta, 14 segundo falta zirela Kantabriakoek azken 5-3koa eginez errematatu zuten norgehiagoka.

Neurketaren ondoren entrenatzaileak ondoko irakurketa egin zuen: “Heldutasuna emango digu etorkizunean porrot honek; ondo kudeatu dugu proposatutakoa eta norgehiagoka irabazteko osagai guztiak erabili ditugu, baina aurkariak ere jolasten du eta guk baino bi gol gehiago sartu ditu, beraz, zorionak ematea geratzen zaigu; eta guri lanean jarraitzea. Mutilek egindako lana izugarrizkoa izan da, eta egiten ari garen lan guztiagatik lehenengo garaipena iristeko gogotsu dagoen lehenengoa naiz. Badakit, lortzen dugun egunean konfiantza eta segurtasuna irabaziko ditugula partiden une zehatzetarako”.

Klubeko gainontzeko beste taldeei dagokienez, hauexek emaitzak: lehenengo territorialak Lezoko Gaintxu AFT taldearen kontra Belabietan jokatutako norgehiagoka 4-3ko emaitzarekin irabazi zuen. Emakumezkoen taldeak 0-3 irabazi zuen atzo goizean Abraham Olano kiroldegian Anoeta FT taldearen kontrako neurketa. 2004ko kadeteak bana egin zuten Balerdi Harategiak Eguzki taldearen kontra, eta 2003ko kadeteak berriz, 0-6 irabazi Arizmendi Eskoriatzaren kontra, honela, bi jardunaldietan 18 gol sartu eta bakar bat ere ez jasotzea lortu dutelarik. Infantilak jardunaldiko gol kopururik handiena egin zuten, 0-10, Antiguoko taldearen kontra irabazita.