Bosgarrenean lortu dezakegu

2018-10-25T16:15:59+00:002018.10.25 |Tags: |

Lauburu Ibarra Mahalak ligako bere bosgarren jardunaldia jokatuko du larunbatean. Ibartarrak Kantabriako Mar Rock taldea jasoko dute Belabietan 16:00etatik aurrera. Denboraldiko lehenbiziko garaipena lortzen saiatuko dira moreak eta horretarako denboraldian irabazi ez duen beste talde bati garaitu beharko dio.

Larunbateko norgehiagokan Iker Zubelzu baja izango da, asteko lehenengo entrenamenduan zain-tiratu bat egin ostean; Asier Izagirre ere justu ibiliko da, baina partidua jokatzeko baldintzetan egongo dela espero da.

Intentsitate handienarekin entrenatu du Ibarrako lantaldeak astean zehar eta orain arte punturik lortu ez badu ere, geroz eta sentsazio hobeak ematen ari den taldea da; larunbatean hori erakusten saiatuko dira denboraldiko lehenengo garaipena lortu ahal izateko.

Entrenatzailearen hitzetan: “Gure puntu kopuru bera duen talde baten kontra jokatuko dugu; 23 gol kontra eta aldeko bakar bat ez izanda ere, estatistikarako bakarrik balio duela pentsatzen dut eta ez naiz datu horiekin asko fio. Iaz, partidu txar bat jokatu genuen haien kontra etxean, eta 3-0 irabazita ere, sentsazioak oso ezkorrak izan ziren. Azken metroetan atzean itxi eta kontraerasoa erabiliko dutela iruditzen zait, iaz egin zuten moduan. Egoera mota guztietarako prestatuta egon behar dugu, eta aurrean duguna, aurten esparru guztietan gainditu beharreko ikasgaien baitan sartzen den beste bat izango da”.

Klubeko zazpi taldetatik bostek etxean jokatzen dutela azpimarratu nahi dugu, beraz, kategoria ezberdinetako taldeen eboluzioaz gozatzeko aukera bikaina izango dute zaleek asteburu honetan.