Ligako zortzigarren jardunaldia jokatuko du larunbatean Lauburu Ibarra Mahalak. Ibartarrak Asturiasko Pola de Siero herrira bidaiatuko dute, 16:45ean bertako taldearen kontra jokatzeko asmoz, Siero FS. Goizeko zortziretan aterako da talde morea Belabieta kiroldegitik.

Asturiaskoek bigarren urtea egingo dute kategoria honetan. Landutako taldea da eta Hugo De La Nava teknikoak gidatzen du; eskarmentu handia du honek bigarren mailan, bertan Gasifred eta Gijon el Llano bezalako taldeak entrenatu ditu-eta.

Larunbateko norgehiagokari begira, entrenatzaile moreak ezingo du Ion Ander Cuadradorekin kontatu, azken hiru neurketak jokatzea eragotzi dion soleoko lesioaz pixkanaka osatzen ari baita oraindik.

Pasa den larunbatean ligako lehenbiziko tantoa lortuta, eta konfiantza gehitzeko, kanporako lehenbiziko garaipena eskuratzen saiatuko da Ibarrako lantaldea.

Entrenatzaileak honela dio larunbatekoaz: “Ligako lehenengo tantoa lortuta gatoz eta horrek larunbateko partidari aurre egiteko konfiantza eman behar digu. Beraiek oso indartsu hasten dira lehenengo minutuetan, iaz, partidako laugarren minutuan 2-0eko kontrako emaitza genuen jada. Ondoren erremontatu eta irabaztea lortu bagenuen ere, aurten ez daukagu potentzial hori eta hasierako minutuetako bultzada horri aurre egiteko kontzentrazio handiagoarekin ateratzea kosta egingo zaigu”.