Guztiraren bila joateko garaipena lortu du Lauburuk Santurtzin

2018-11-20T18:58:02+00:002018.11.19 |Tags: , , , |

Lehenengo zati on batean jokoa eta okasioak menderatuz eta bigarren zatian berriz, abantailari eusteko ongi lehiatuz, beste hiru puntu gehiago gehitzea lortu zuen Lauburuk kanpoan jokatutako norgehiagokan.

Bi proposamen oso desberdin ikusi ziren hasieratik, Santurtzi, aurkariaren akatsez baliatzeko asmoz bere kantxan zain geratzen zen bitartean, moreak bertakoen baloi irteeran estutzen zuten eta baloiaren jabetza izan zuten denbora gehiagoz. Era honetara hasi ziren iristen lehenbiziko erasoak. Javi Saldisek izan zuen lehenengo aukera, baina atezain bizkaitarrak eskuarekin geratu zuen. Handik gutxira, laugarren minutuan, Oihanek 0-1ekoa markatu zuen kanpotik egindako jaurtiketa gogor bat zutoinaren ondotik sareetan sartu zenean. Gol honek Santurtziarrak espabilatu zituen eta bi minutu beranduago Ibarrako defentsak urrundu ezin izan zuen baloi batekin berdinketa egitea lortu zuten; Mikelek Peñaren alderatzea hartu eta bigarren hesolatik sartu zuen babestu gabeko atean. Lauburuk bere jokoan sinesten jarraitu zuen, jabetza luzeekin eta amaitu gabeko gol aukera batzuekin. Zumetak bere lehenengo golarekin Lauburu abantailan jarri zuen arte. Bandatik ezkerrarekin jo eta zutoinetik gertu sartu zuen baloia. Minutu horietan abantaila handiagoa ere lor zezakeen Lauburuk, baina ez zuten asmatu. Hala ere, Alfredo Hualderen mutilak 1-3koa egin zuten beste estrategia jokaldi batean, bertako defentsa batek baloia bere atera bota zuenean. Hiru minutu geratzen ziren eta Alfredok hutsartea eskatu zuen; ondorengo lehenengo jokaldian 1-4koa egin zuten korner batean Dani, Antxon eta Zumetaren artean egindako triangelukatze eder batekin, azken honek sartu zuelarik. Santurtzi jota zegoen, baina ondoratu gabe, eta horren erakusle izan zen lehenbiziko zatiaren amaieran, Laubururen jokaldiko akats bat medio sortutako kontran Bazagak egin zuen 2-4koa. Gol honek berriro partidan sartu zituen bizkaitarrak eta bigarren zati oso bat jokatzeko geratzen zen oraindik.

Aldageletatik bueltan, jokoari dagokionez antzeko eskenatokia izan zuten, baina Santurtzik bere defentsa gogortu zuen eta honek Laubururi jokaldiak sortzea zailtzen zion. Denborak aurrera egitea mesedeko zen Laubururentzat eta baloiarekin eroso sentitzen ziren, nahiz eta Ezkerraldekoek trantsizio arriskutsuetan min egiten zuten. Momentu horietan Peñak lan bikaina egin zuen bi golen abantaila mantentzen. Ibarrakoek arrisku handiarekin iritsi ziren hainbat alditan, baina ez zuten aurkariaren atean asmatu. Minutu horietan bietako edozeinek gola sartu izan balu, egoera erabat aldatuko zen. Azken minutuetara iritsi ziren eta Santurtziko entrenatzaileak bosteko jokoa jarri zuen martxan; Ibarrako defentsak ordea, perfekzioa ukituz, bi golen abantaila mantentzen jakin izan zuen amaierara arte.

Taldearen dinamika ona ziurtatzen duen hiru puntu gehiago izan dira Laubururentzat, 18 puntuetatik 16 lortuz. Datorren larunbatean Belabietan Segoviako Mariano Rico Cuellar taldearen kontra beste garaipen bat lortzeko Ilusio handienarekin entrenatzen jarraitzea besterik ez da geratzen orain.

#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreEginLauburu

XEHETASUNAK

SANTURTZI FS: Marcos, Bazaga (1) (1ap), Segu, Oliver eta Goñi

Beste parte-hartzeak: Saul, Rober eta Mikel (1)

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Oihan (1), Andoni C., Javi Saldise eta Beñat Aldalur.

Beste parte-hartzeak:, Aitzol, Zumeta (2),  Adri, Dani G., Garmen eta Joseba.

TXARTEL HORIAK: Rober (SANTURTZI FS) / Oihan (LAUBURU K.E. IBARRA)

GOLAK

0-1 MIN 4 Oihan

1-1 MIN 7 Mikel

1-2 MIN 9 Zumeta

1-3 MIN 13 Bazaga (p.p)

1-4  MIN 17 Zumeta

2-4 MIN 20 Bazaga

ATSEDENALDIA

EPAILEAK

Igor García Llanos (Euskal Komitea)

Ibón García Llanos (Euskal Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Laura Martínez Pinedo (Euskal Komitea)