Lauburu Ibarra Mahalak hutsik etorri izan behar du Asturiastik

2018-11-20T19:11:30+00:002018.11.20 |Tags: , , , |

Lauburu Ibarra Mahalak 6-4 galdu zuen Asturiasen eta hiru puntuak han utzita itzuli behar izan zuen. Aurkaria baino gehiago izan zen eta norgehiagoka nola joan zen ikusita, irabaztea merezi zuen.

Lehenengo zati bikain bat jolastu zuen talde moreak, arlo guztietan nagusituz. Hala ere, emaitza txikia lortu zuten bi taldeak egindako jokoa ikusita. Aitor Arevaloren mutilak hirugarren minutuan aurreratu ziren Gurruk sartutako golari esker eta handik aurrera ere, okasio asko sortzen joan ziren. Erraztasunarekin aurreratzen zuten eta norgehiagokaren irakurketa ona egiten ari ziren. Bederatzigarren minutuan, lau jokalariak parte hartu zuten presio-irteera eder batean, Martin Ibarbiak 2-0ekoa markatu zuen eta norgehiagoka morez koloreztatu zuen. Alta, atsedenaldirako 6 minutu faltan, bertakoek tartea txikitzea lortu zuten 1-2koarekin, baina lau minutu beranduago, berriro moreek markatu zuten Iker Zubelzuk 3x1eko kontraeraso bat ederki amaitu eta 1-3koa ezarri zuenean.

Emaitza honekin amaitu zen lehenengo zatia; emaitza txikia partidan ikusitakoaren arabera, baina denboraldi guztian lehenengo aldiz moreak markagailuan aurretik jarri eta atsedenaldira abantailarekin erretiratu ziren.

Bigarren denbora ordea, ez zen batere ona izan ibartarrentzat. Konturatzerako emaitza irauli eta 4-3koan jarri baitziren bertakoak. Norgehiagoka zakartu egin zen aldageletatik bueltan, eta epaileek gure ekintza guztiak zigortzen zituzten guztion harridurarako.

4-3koa izan zen gainezka egin zien tantoa, eta jokalari moreak partidatik erabat atera zituena. Area iskinean falta bat ebatzi zuten epaileek bertakoen alde, korner batean oraindik baloia atera gabe zegoenean. Kategoria honetan akats tekniko larria da, izan ere, araudiaren arabera, baloia ez badago jokoan epaileak ezin dute faltarik ebatzi, ekintza aldatzen duelako. Gehienez, epaileak garbi ikusten badu, txartel horia edo gorriarekin zigortu dezake sakearen aurretik egindako ara-haustea, baina faltarekin inoiz ez.

Adierazitako ekintza eraso bat bezala ulertu daiteke, baina ez zen horrelakorik gertatu. Kirol honetan, kontaktuzko kirola izanik,  estrategia ekintzetan sor daitezkeen ika-mikak ohikoak dira; batzuk posizioa defendatu nahi dute eta besteak aurkaria gainditu, eta muga aurkariaren aurrean tokia irabazi edo galtzean egon behar du. Ibarrakoen kexuak medio, Kiko Alonso delegatua kanporatua izan zen, talde moreak partiduaren nortea galdu zuen eta 10 minutu faltan emaitza 6-3ra igo zen.

Dena kontran izanda, ilun ikusten zen norgehiagoka, baina ibartarrak etsi beharrean, bosteko jokoarekin saiatu ziren. Jokalari moreak hazi egiten dira jokaldi honekin eta gol aukera sortzen hasi ziren, baina asmatu gabe. 3 minutuen faltan Aimar Zubillagak sartu zuen 6-4koa eta emaitza honekin amaitu zen. Aipatzekoa da, bigarren denboran zazpi segundo gutxiago jokatu izana, 19:53 minutu zehazki; 35 segundo falta zirela bertakoek hutsartea eskatu eta norgehiagoka geratu zen, baina mahaiak ez zuen kronoa momentuan gelditu, zazpi segundora baizik, eta nahiz eta bertakoek zein bisitariek mahaiari akatsa adierazi, epaileek entzungor egin zuten.

Norgehiagokaren amaieran, entrenatzailearen hitzak hauexek izan ziren: “Asturiasen jokatutako partidarekin pozik nago. Baldintza berdinetan irabaztea kosta egiten bazaigu, horrelako egoeratan oraindik zailagoa egiten da. Ondorio on asko atera dizkiogu norgehiagoka honi, baina autokritika ere egin beharko dugu, ezin baikara partidutik atera garen bezala atera. Sufritu dugun arbitrajeak kalte egin digu, baina kontrolatu ezin dugun elementu bat da; lanean jarraitu beharra daukagu esparru guztietan hobetzeko, eta honetan ere bai”.