Eskerrak beti ez den irabazten

2018-11-21T21:26:43+00:002018.11.21 |Tags: , , , , |

Ostiral iluntzean 1-4 emaitzarekin galdu zuten partidua Lauburuko neskek Ordiziaren kontra. Ligako lehen porrota jaso zuten, baina, txanponaren beste aldeari begiratu eta porrota ikasteko baliatuko dute.

 

Olatz Artola entrenatzailearen hitzetan: “Zenbatetan esan digute garrantzitsuena emaitza dela? Madrilek gaizki jokatuta ere irabazi egiten d(z)uela eta hiru puntu horiek pilatzea dela balio duena? Kontrara, zenbatetan esan digute inportanteena parte hartzea dela? Ondo pasatzea?” galdera horiek egin dituzte Laburuko neskek. Eta erantzuna, argi dute: “ondo pasatzea”. Hainbatetan berretsi duten bezala, hori da nesken helburua. “Eta, ondo pasatzeko, ez da ezinbestekoa irabaztea, baina bai gustura jokatzea eta taldekideekin gustura sentitzea. Beraz, larunbateko porrotak balio diezaiela taldea egiteko, jokoa fintzeko eta hurrengoan irabazi edo galdu, ondo pasatzeko”.

 

Galdu arren, ez zuten gaizki jokatu Ibarrako neskek. Partida lehiakorra jokatu ahal izan zuten eta Ordiziari hortzak erakutsi. Irabazten hasi ziren gainera, 1-0. Aldeko markagailuari eusten saiatu arren, berdinketa lortu zuten ordiziarrek eta emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.

 

Baina markagailua berdintzean, etxeko taldea hustuta gelditu zen eta, bisitariak, indarberrituta azaldu zen. Hortaz, Laubururi eustea besterik ez zitzaion gelditu, ez baitzuen lortu partidaren kontrola hartzea. Ondo eutsi zuten, baina, azken minutuetan, hiru gol jaso zituzten ibartarrek. 1-4 emaitzarekin bukatu zen partidua.

 

Ibarrako neskek argi dute “galtzeak ikasteko” balio duela. “Gehiago ikasten da galtzean, irabaztean baino. Irabazten duzunean eroso zaude, eta gaizki jokatu arren emaitza positiboa denez, ez dizkiozu behar adina buelta ematen egindako lanari. Galdutakoan, aldiz, bai”. Beraz, hori egingo duten orain, joan den ostiraleko partidari begira jarri eta egindako akatsetatik hobetzen saiatu.