Norgehiagoka irabazi eta onenen ondoan egoteko lan asko egin behar izan du Lauburuk (8-3)

2018-11-28T14:43:29+00:002018.11.28 |Tags: , , , |

Markagailuak adierazitakoaren kontra, norgehiagoka oso parekatua izan zen eta Lauburuk lan asko egin zuen neurketa irabazteko. Pazientziaz jokatuz, bi minutuetan 1-3ko emaitza aldrebesa irauli eta lehenengo zatiaren amaiera bikain batean indartu zuen garaipena. Bigarren zatian bere errekurtsoez baliatzen jakin izan zuen talde moreak eta pixkanaka tartea handitzen joan zen 8-3ko emaitzara iritsi arte.

Mariano Rico taldeak hasiera-hasieratik utzi zuen garbi, ez zela Belabietara arratsalde pasan etorri. Lehenengo jokaldiko jaurtiketa bat kornerrera bidali zuen defentsak eta korner hau ateratzean egin zuten bisitariek 0-1ekoa. Javik egin zuen tiroa, taldearen jokalari erasokorrenak, Antxoni jo eta ate morean sartu zen baloia. Bi taldeak baloiaren irteera estutzen zuten, gol aukerak bi ateetara iristen zirelarik. Segoviako taldeak egin zuen berriro tantoa, korner bat atera eta Chukyk bolean Peña gainditu zuenean. Lauburuk pazientziarekin jokatzen jarraitu zuen eta kornerreko estrategia ekintza baten ostean, Javi Saldisek justu eskuadran errematea eginez Cano gainditu eta sareetara bidali zuen baloia. Norgehiagoka bizi-bizi zegoen eta bi aurkariak lortzen zuten bestearen atera iristea. Cuéllar taldeak langara bota zuen tiro bat, baina hurrengoan, akats baten ondorioz, Chuky toki ezin hobean geratu zen eta ez zuen barkatu Peñaren aurrean. Gol honek min handia egin zuen talde morean, baina partidari eutsi eta lehenengo zati honen azken bi minutuetan emaitza iraultzea lortu zuen. Bi taldeak bosna faltekin zeudela, Javi Saldiseri falta egin zioten area hertzean eta Antxonek bota zuen 2-3ko emaitza ezarri zuen penalti bikoitza. Hogei segundo faltan, Dani Garciak berdinketa egin zuen estrategia jokaldi on batekin,  eta bigarren zatia erabakigarria izatera pasa zen.

Aldageletara joateak on egin zion Laubururi, partidara lasaiago sartu baitzen, Segoviakoen presioa ondo irakurriz. Lehenbiziko minutuetan ika-mika batean ibili ziren, baina azkenean bost minutuetan zehar joko on bat egitea lortu zuten moreek, emaitza irauliz eta markagailuan urrunduz. Lehenbizi, konbinazio bikain baten ostean, Javi Saldisek baloia goian jarri eta Beñat Aldalurrek egin zuen boleaz 4-3koa, harmailetako zaleak zutiaraziz. Bi minutu geroago paperak aldatu eta Beñat Aldalur izan zen Javi Saldiseri asistentzia egin ziona, honek Canori errematea egiteko. Azkenik, Oihanek kantxa erdian baloia ostu eta Adrirekin konbinatuz lehenengoak ate hutsean sartu zuen 6-3ko emaitza finkatuz. Minutu bizi hauen ostean lasaitasuna etorri zen eta Laubururen helburua norgehiagoka kontrolatzea izan zen. Alta, Javi Saldisen zelairatzeak berriro elektrizitatea eman zion jokoari. Adrik lehenengo lerroan ostu, Irurtzungoari pasa eta honek, bere parekotik urrundu eta ezkerrarekin eskuadratik sartu zuen 7-3koa, bere hat trick propioa egin zuelarik. Amaitzeko zazpi minutu falta ziren eta Oliver Fraile, Cuellar taldearen entrenatzaileak bostekoa atera zuen. Ibartarrak bikain egon ziren defentsa arloan, golik jaso gabe; gainera, irteera bizkor batean, aurkariari atezainaren aldaketa egiten utzi gabe, Andoni Agirrezabalak 8-3koa ezarri zuen, norgehiagoka erabakita utziz.

Ibarrarako hiru puntu gehiago eta pixkanaka lehenengo postuetara hurbiltzen. Irakurketa baikorra egitea tokatzen da, taldeak hasierako 1-3ko emaitza iraultzea lortu zuen-eta. Hala ere, oso talde lehiakorrak dauden multzo eta denboraldi batean gaudela hartu behar da kontuan. Orain Belabietatik kanpo jokatzea tokatuko zaigu bi jardunaldi jarraian, datorrena Quinton izango delarik. Talde morea probatuko den beste erronka zaila inondik inora.

#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMOREeginLAUBURU

XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, A. Carlosena (1) (1 ap), J. Saldise (3) Dani G. (1), eta Adri.

Beste parte-hartzeak: Oihan (1), Aitzol, Beñat (1), Garmen, A. Agirrezabala (1), Zumeta eta Joseba.

FS MARIANO RICO CUELLAR: Cano, Piti, Samu, Javi eta Valcosa.

Beste parte-hartzeak: David, Chuky (2), Dani Lobo, Cesar, Campillo eta Ivan

TXARTEL HORIAK:

  1. Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA) / Cano y Valcosa (FS MARIANO RICO CUELLAR)

GOLAK

0-1  MIN 01 Antxon (ap)

0-2 MIN 05 Chuky

1-2 MIN 11 Javi Saldise

1-3 MIN 14 Chuky

2-3 MIN 19 Antxon

3-3 MIN 20 Dani García

ATSEDENALDIA

4-3 MIN 25 Beñat Aldalur

5-3 MIN 27 Javi Saldise

6-3 MIN 29 Oihan

7-3 MIN 32 Javi Saldise

8-3 MIN 35 Andoni Agirrezabala

EPAILEAK

Ivan Hernández Falcato (Errioxako Komitea)

Oscar Crespo Nájera (Errioxako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Daniel Dos Anjos de Celis (Gipuzkoako Komitea)

Oharra: atsedenaldian DANON TXOKOA JATETXEAK eskainita burutu zen bi lagunentzako bazkariaren zozketan irabazle Rafael Butrón suertatu zen.