Lehenengo itzuliaren azken aurreko jardunaldia jokatuko du Lauburuk larunbatean. Alfredoren mutilek bertako talde gisa jokatuko duten azkena izango da; jokalariak festa giroan agurtzeko aukera aproposa izango da beraz, azken aldian, talde honen inguruan sumatzen den giro bikainarekin jarraituz. Garrantzia handiko hiru puntuak izango dira jokoan, baina horretaz gain, jokalariek eta afizioak ongi merezitako omenaldia jasoko dute Klubak egun horretarako antolatu dituen ekimen batzuen bidez.

Belabietara etorriko den aurkaria AD Peña La Unión izango da, Calatayud hirikoa, egun, sailkapenaren hondarreko postuetan kokatua dagoen taldea. Hala ere, honek ez du erlaxatzeko arrazoia izan behar, aragoiarrek entrenatzaile berriarekin etorriko dira-eta, Ibarrara eta lehenengo itzulia jaitsieratik salbu amaitzeko gogotsu. Pasa den astean Alfonso Cabellok entrenatzaile postua utzi ostean, ordezkoaren bila dabil kluba, eta bitartean Javier Serrano egin da taldearen arduradun, orain arte bigarren entrenatzailea izandakoa.

Talde morea Pinseque eta Tafatrans taldeekin batera lidergoa partekatzen duela iritsiko da norgehiagokara eta asteburu honetan aipatu bi talde hauek irteera zailak dituztenez, larunbatean puntuak lortzeak eta urtea egoera ezin hobean amaitzeak ilusioa handitzen die moreei. Lesioen arloan, klubeko mediku zerbitzuek lanean jarraitzen dute ukitutako jokalariek norgehiagokara baldintza onean iritsi daitezen. Larunbatean, Zuhaitzen baja ezagunaz gain, Aitzolek ere ez du jokatuko aduktorean duen hausturagatik eta Adri zalantza izango da azken unera arte, orkatileko arazoak medio. Gauzak honela, lantalde moreari esfortzua bikoiztea tokatuko zaio hiru puntuak etxean geratzeko.

Ibarrako entrenatzaileak norgehiagokaren zailtasuna izan zuen hizpide: “Talde honek taulan duen postuak ez gaitu engainatu behar. Beti oso ongi lehiatzen duen taldea da eta entrenatzaile aldaketarekin bizkortuta etorriko dira. Geure jokoa egiten zentratu behar dugu inoiz baino gehiago eta norgehiagoka oso bat egiten saiatu, gure zaleek merezi duten moduan agurtzeko. Belabietako harmailak beteta egotea espero dugu, une hori guztiekin batera partekatzeko”.

Norgehiagoka 18:30ean izango da Belabieta kiroldegian. Partidaren atsedenaldian klubak txokolatea eskainiko du bertakoentzat.

Betiko moduan, norgehiagoka Klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango duzue.

Ez ahaztu: LARUNBATA, ABENDUAK 15, 18:30ean

Oharra: norgehiagokaren atsedenaldian, Leaburuko Ostatu jatetxeak eskainita, bi lagunentzako bazkari bat ere zozkatuko da klubeko bazkide guztien artean.

#AukeratuMOREeginLAUBURU #GoazenLauburuKEIbarra