Lauburu Ibarra Mahalak 5-3 irabazi zion EDF Logroño taldeari eta hirugarren garaipena jarraian egin du. Gazte ibartarrak lehenengo zatiaren amaierako kontrako emaitza iraultzeko gai izan ziren bigarren zati on bat jokatuta.

Bisitariek nagusitu ziren hasieran eta Javi Ayerberen atera egindako lehenbiziko iritsierak beraienak izan ziren. Errioxarrek beren 5x4ko ohiko jokoa egin zuten bandatik ateratzen zuten aldiro eta 3-1eko jokoa aurkariaren pistan, aldaketa taktiko hauekin ibartarren defentsa nahasi nahian. Partidako zortzigarren minutuan aurreratu ziren bisitariak Javi Ayerbek egindako akats bat medio, jokalari batek pasatako baloiaren kontrola galdu eta atean sartu zenean. Alta, taldea ez zen desegin eta minutu bat beranduago, korner bat ateratzeko ekintza batean, Asier Izagirrek berdinketa ezarri zuen markagailuan. Norgehiagoka moreen aldera okertzen hasi zen eta bi minutu beranduago Martin Ibarbia izan zen bandatik atera ondorengo 5x4eko ekintza batean defentsa ona egin eta baloia ostu ostean, 2-1ekoa egin zuena. Gol hau eta gero, taldeak beste hiru gol aukera ere izan zituen markagailuan tartea handitzeko, baina ez zuen lortu, eta 7 minutu faltan bisitariek izan ziren norgehiagoka berdindu zutenak korner baten alderatzean. Azken minutu horietan bisitariek ez zuten beren jokoa aldatu, pista erdian itxaron eta kontrara ateratzen ziren. Eta ongi atera zitzaien, bost minutu faltan 2-3koa egin baitzuten, lehenengo zatia emaitza honekin amaitu zelarik. Orokorrean, ibartarrei bisitarien aldaketa taktiko hauek ikustea kosta egin zitzaien lehenengo zati osoan.

Bigarren zatian ibartarrek aurrerapauso bat eman zuten eta jokoan hobeto sartzen hasi ziren norgehiagokari abiadura handiagoa emanez. Arevaloren taldea 1x1eko banakotasunean hazten den taldea da, eta Gurruk, bandan egindako ekintza bikain batekin hiruko berdinketa ezarri zuen. Taldea bizi zegoen eta gol aukera garbiak sortzen zituen. Hiru minutu beranduago Oier Goikoetxeak, beste 1x1eko ekintza on batean, Iker Zubelzuri pasa eta honek 4-3koa egin zuen 14 minutu falta zirenean. Bisitariek ez zuten planteamendua aldatu eta bere 5x4eko eta 3-1eko jokoak txandakatzen jarraitu zuen, baina erasoak ongi zapuzten zituzten jokalari moreek. Amaitzeko bederatzi minutu faltan Gurruk handitu zuen berriro tartea, Martinek, bandan aurkaria saihesteko ekintza bikain bat egin ostean, bigarren zutoinean jarri zuen baloia eta Gurruk hori aprobetxatzen jakin izan zuen. Gol honen ostean, bisitariek bosteko jokoa atera zuten, baina norgehiagoka emaitza honekin amaitu zen eta Arevaloren taldeak hirugarren garaipena jarraian lortu zuen horrela, astez aste geroz eta hobeto jokatzen duela eta jokoan sortzen diren zailtasunei aurre egiteko gai direla erakutsiz.

Entrenatzaileak ondoko irakurketa egin zuen norgehiagokaren ostean: “Lehenengo zatian ez dugu asmatu eta lantzea kosta egin zaigu. Bigarren zatia hasieratik amaierara menderatu dugu. Taldea hazten ari da alderdi guztietan; gaur erasoan bandan egindako 1x1eko ekintzekin geratzen naiz, bizikletak bezalako baliabide teknikoak erabiliz hiru gol sartu ditugu eta aurkaria gainditzeko erritmo aldaketaren denborak markatuz. Pozik gaude eta lanean jarraituko dugu jokoaren alderdi ezberdinak hobetzeko”.