Lauburu Ibarra Mahalak garaipenarekin bukatu nahi du urtea

2018-12-21T22:01:42+00:002018.12.21 |Tags: , , , |

LAUBURU K.E. IBARRA MAHALA – ESKORIATZA K.E.

Ligako hamabigarren jardunaldia jokatuko du Lauburu Ibarra Mahalak datorren larunbatean. Ibartarrek Eskoriatzako talde gipuzkoarra jasoko dute Belabietan, denboraldiko lehenbiziko derbia izango den honetan eta urteko azken norgehiagoka talde morearentzat. 17:30ean izango da eta laugarren garaipena jarraian lortzen saiatuko dira ligan postuak igotzen jarraitu ahal izateko.

Eskoriatzako taldeak denboraldi batzuk daramatza birsortutako jubenilen ohorezko maila honetan eta urtez urte, zikloak hasi eta amaitzen dituzten jokalarien sarrera-irteera desberdinek sortutako aldaketez gain, lehiakortasun maila mantentzen jarraitzen dute.

Bi taldeen arteko norgehiagokak oso biziak izaten dira, larunbatekoa ere halakoa izatea espero da. Elkar ongi ezagutzen duten bi talde, futbol ikuskizuna lehenetsi beharko da guztiaren gainetik eta jokalari asko, azpiko kategorietako askorentzat erreferenteak izan behar dute.

Entrenatzaileak balorazio hauxe egin du: “Iazko bloke bera mantentzen duen eta aldi berean beste bloke berri bat gehitu dion talde baten kontra jokatu behar dugu, eta oso ongi egiten ari dena. Taktikan bi entrenatzaileak ongi ezagutzen dugu elkar eta partida xehetasunek erabakiko dute, markagailua alde batera edo bestera eramango dutenak; aurkaria baino hobeak izatea espero dugu. Norgehiagokara ongi iritsiko  gara, urtea garaipenarekin ixteko laugarren aldiz jarraian irabazteko gogotsu”.