Lauburuk Gipuzkoako Kopa irabazi du

2019-01-08T17:38:48+00:002019.01.08 |Tags: , , , , |

Pasa den larunbatean Areto Futboleko Gipuzkoako Kopa irabazi zuen Lauburuk, finalean Tolosako Herrikideri 0-6 irabazi ostean. Finalaurrekoan Laskorain izan zuen aurrean eta honi ere, emaitza berarekin irabazik zion ostiralean.

Lehenengo finalaurrekoa jokatu zuten Lauburuk eta Laskorainek. Hasieratik ikusi zen ibartarrek martxa bat gehiagorekin ari zirela jokatzen, eta horren emaitza hasierako bost minutuetan sartutako gol kopurua izan zen. Andonik ireki zuen markagailua, Tolosako atezaina ustekabean harrapatuz 30 metroetatik botatako gol bikain batekin. Handik gutxira Antxonek ezkerrarekin jaurti zuen eskuadrara tantoa eginez eta lehenbiziko zatia amaitzerako Oihan eta Zumeta izan ziren 0-3 eta 0-4 egin zutenak, norgehiagoka bideratuta utziaz. Aldageletatik bueltan jokatutako zatia antzeko tonuan joan zen, eta talde morearen nagusitasunaren ondorioz, Javi Saldisek eta Garmenek bosgarren eta seigarren golak sartu zituzten. Honela larunbateko finalerako sailkatu zen Lauburu.

Finala Herrikideren kontra jokatzea tokatu zen, kategoria handiagoko taldeei irabaziz bost bazterketa gainditu ondoren sailkatutako taldea, hain zuzen. Bigarren finalaurrekoan 3. mailako Antiguoko taldeari irabazi zion. Gauzak honela, Alfredo Hualderenak bere bertsiorik onena erakusteko prest atera ziren zelaira, tolosarrei aukera txikienik ere ez emateko helburuarekin. Kategorien aldea bistakoa izan zen jokoan, eta hasieratik Laubururen erasoei bere atetik hurbil eusten saiatu zen Herrikide, defentsa itxi batekin. Moreei pixka bat kosta zitzaien markagailua irekitzea, eta zalantzako penalti batek jarri zituen martxan. Danik egin zuen lehenengo gola penaltia bota zuenean, eta 0-2koa berriz Garmenek, Antxonen zerbitzu bat area barruan errematatuz. Korner bat ateratzean Andonik 0-3 egin zuen kanpoko jaurtiketa batekin, eta Oihanek 0-4koarekin itxi zuen lehenbiziko zatia jokaldi pertsonal batean gurutzatutako jaurtiketa bat eginez. Bigarren zatian, Kopa ia-ia patrikan zuela Lauburuk, erritmoa jaitsi egin zen eta beste bi gol more baino ez ziren ikusi. Lehena Aldalurrek egin zuen Adrirekin burututako jokaldi polit batean eta markagailua itxiko zuen 0-6a Adri berak egin zuen bigarren zutoinean markatuz.

Honela lortu zuen Lauburuk beraz, Gipuzkoako Kopako bigarren edizio honetan irabaztea, bide batez, iaz geratu zitzaion arantza kendu zuelarik. Denboraldiko lehenengo zatiari amaiera bikaina eman dio kopa honek: ligako sailkapenean bigarren postuan 33 punturekin eta Gipuzkoako txapelduna.

Hemendik aurrera berriro Ligari begira jarri beharko da, eta lantaldea hasia da jada entrenamenduekin bigarren itzuli honen lehenbiziko jardunaldia ondo prestatzeko. Burgosen izango da norgehiagoka, datorren larunbatean Juventud del Círculo taldearen kontra.

EMAKUMEZKOEN TALDEAK EUTSI BAI, BAINO EZIN IRABAZI. Parez pare ligako liderra eta izan zezaketen aurkaririk gogorrena eduki zuten neskek Gipuzkoako Kopako Finalean, Ordiziako taldea. Partida estua izan zen, gogorra. Lehen zatiaren lortutako gol batekin eta azken segundoetan sartutako bigarrenarekin, Ordiziarrak txapeldun izendatu ziren 2-0 markagailuarekin.

Aurreikusita zegoen partida bizi eta polita. Eta horrela izan zen. Bi taldeak neurriko urduritasunarekin eta irabazteko gogoz atera ziren zelaira. Ibarrako neskek hasieratik hortzak erakutsi zizkieten ordiziarrei eta defentsan lan serioa eginda, Goierriko taldeari eustea lortu zuten. Hala ere, Ordiziarrek ez zuten etsi eta atzealdean nahiz erasoan lan txukuna eginda, atsedenaldira 1-0 tartearekin iristea lortu zuten.

Ibartarrak atzean sartuta zeuden, azpimarra defentsa lanean jarri baitzuten. Erasoan, ordea, azti eta bizi ibili nahiak trabatu zituen. Ez zuten baloia ondo mugitzea lortzen, nahiz eta, hala ere, hainbatetan kontraeraso arriskutsuak eta gol aukerak sortu ahal izan zituzten.

Aukera garbi batzuk izan arren, ez zuten lortu markagailua berdintzea. Hortaz, partidaren hondarretan galtzen ari zirenez, atezain-jokalari taktika erabili zuten. Ez zuten ezer galtzeko eta dena ematera joan zirenez, etsi gabe, gol bila joan ziren. Baina horrela etorri zen ordiziarren bigarren eta azken gola, partida erabaki zuena. 2-0 emaitzarekin Ordiziako taldeak lortu zuen Gipuzkoako txapeldunaren garaikurra.

#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratumoreeginLauburu