Lauburu Ibarra Mahalak 4-2 galdu zuen AD San Juan talde liderraren aurrean, jarraian egindako lau garaipenen bolada ona amaituz. Norgehiagoka bikaina jokatu zuten moreek eta Iruñako taldea ustekabean harrapatzeko zorian egon ziren. Nafarrek bere jokalari onenen talentuaz baliatu behar izan zuten ibartarrak gainditzeko.

Moreak defentsa altua eta pista erdikoa txandakatuz hasi zuten norgehiagoka, ondo kokatu eta baloi galerak aprobetxatuz kontra bizkorretan ateratzeko. Zirraragarriak izan ziren lehenbiziko minutuak, bi taldeak bizi-bizi, markagailuan aurretik jarri nahian. Bosgarren minutuan bertako taldea aurreratu zen, falta bat ateratzean sartutako golarekin. Arevaloren mutilak ongi erantzun zioten tanto honi eta minutu bat beranduago Ion Ander Cuadradok 25 metroetara sartu zuen, baloia atezainaren gainetik maisutasunez jarriz. Norgehiagoka zirraragarria izaten jarraitzen zuen; bi taldeak aurkariaren atea bilatzen zuten, baina lehenengo zati guztian ezin izan zuten berdinketa hautsi eta banako emaitzarekin erretiratu ziren aldageletara.

Bigarren zatiaren hasiera ere oso elektrikoa izan zen. Jokalariek intentsitate handienarekin eusten zioten baloiari eta golaren bila zebiltzan bi taldeak. Ibartarrak aurreratu ziren bosgarren minutuan; taldeko ekintza batean Iker Zubelzuk errematatu zuen, baina pozak ez zuen asko iraun, bertako taldeak minuturako berdindu zuen-eta markagailua.  14 minutu geratzen ziren norgehiagoka amaitzeko; ibartarrak gehiago nahi zuten eta baloiari uko egin gabe 1x1eko ekintzak edo bestelako konbinazioak egiten zituzten markagailuan berriro aurretik jarri nahian. Bi taldeetako atezainek konfiantza handiarekin ari ziren eta emaitzak estu jarraitzen zuen bost minutu faltan. Lau minutu amaierarako eta nafarrek asmatu zuten korner bat ateratzean. Gol honek min handia egin zuen bisitarien aldean, egindako esfortzuagatik leher eginda baitzeuden. Hutsartea eskatu zuten atseden txiki bat hartu eta bosteko jokoarekin ateratzeko, baina baloia galdu zuten batean nafarrek 4-2koa egin zuen. Bi minutu geratzen ziren jokatzeko eta Ibarrak bostekoarekin jarraitu zuen; hiru gol-aukera ere izan zituen, baina ez zuen asmatu eta honela amaitu zen partida.

Amaieran entrenatzaileak esandako hitzak: “Zorionak taldeari egin duten esfortzuagatik, izugarriak egon dira-eta. Tristura ematen digu galtzeak, binako berdinketan hainbat aukera aprobetxatzen jakin ez eta azkenean partida galdu dugu-eta. Hala ere, ondorio positiboak ateratzen ditugu horrelako norgehiagoketatik: taldea hobera doa, liderrari irabazteko zorian egon gara eta honek morala igotzen digu. Norgehiagokara forma onean iritsi gara eta horixe erakutsi dugu; maila hobetzea da gure asmoa, bigarren itzuliko talderik onena izateko; gure liga orain hasten da”.