Liderraren kontrako norgehiagoka jokatuta zapore txarrarekin itzuli ziren Alfredo Hualderen mutilak Alziratik. Jokoari dagokionez, moreak parez pare jokatu zuten aurkariaren kontra eta gehiago merezi izan bazuten ere, ez zuten Balentziakoak menderatzea lortu. Aurretik ere jarri ziren, baina azken minutuetan bostekoarekin norgehiagoka irabaztea atera zirenean, porrotera kondenatuak izan ziren hiru gol jasan zituzten. Zapore txarra kirolaz kanpoko jarrerengatik ere bai, kirol honen inguruko baloreekin zerikusirik ez duen tratu bat jaso baitzuen Ibarrako taldeak bertako zaleen zati batengandik, eta halaxe ipini zuten epaileek beren aktan.

Norgehiagokaren lehenbiziko minutuak errespetu handikoak izan ziren bi aldeetatik; inork ez zuen huts egin nahi. Bi defentsak altu presionatzen erasoen gainetik jartzen ziren eta bi taldeei triangelukatzea kostatzen ari zitzaien. Behin presiotik aterata, Lauburu izan zen lehenbiziko iritsierak egin zituena; Oihan eta Andonik egindako jaurtiketak ez ziren ordea, gauzatu. Antxonek bigarren zutoinera egindako zerbitzu bat ere, postera errematatu zuen Zumetak. Ondoren bertakoak egin ziren jokoaren jabe eta iritsiera bat edo besteekin defentsa moratua uzkurtu zuten. Rafa Arak lortu zuen 1-0ekoa jartzea markagailuan, trantsizio batean atezaina driblatu ostean. Lauburuk gol-aukera batekin erantzun zuen segituan eta minutu bat beranduago Oihanek berdindu zuen emaitza; Peñak egindako sake luze bat jaso eta jokaldi indibidual bat eginda sartu zuen sareetan. Hemendik lehenengo zatiaren amaiera arte, kolpeak txandakatuz joan ziren, baina Lauburu gehiagoetan eta arrisku handiagorekin iritsi zen aurkariaren atera, Zumetak birritan ere bota baitzuen postera edota langara. Moreak aldageletara sentsazio onarekin erretiratu ziren, Palau D’esports eraikinean puntuatzea oso zaila izango zela bazekiten-eta.

Bigarren zatian ez ziren gauzak aldatu, talde moreak jarraitu zuen aurkariaren atera iritsiera gehiago egiten. Honela, bigarren zati honen erdialdera Zumetak 1-2koa ezarri zuen kanpoko jaurtiketa bat eginez. Bertakoek orduan zuten guztia jarri zuten jokoan eta bietako edozeinek sar zezakeen momentuak iritsi ziren, norgehiagoka erotuz. Baina bost minutu faltan Alzira izan zen, Luis Morenoren eskutik, binako berdinketa egin eta bukaerara arte norgehiagoka irekia utzi zuena. Alfredo Hualdek bostekoa ateratzea erabaki zuen orduan, hiru puntuak eskuratzeko helburuz;  bi aukera garbi izan zituzten, baina markagailua ez zen mugitu, eta bi minuturen faltan, oste batek Luis Morenori aukera eman eta moreen ate hutsean sartu zuen. Ibartarrak azkenera arte saiatu ziren, baina beste bi gol jaso zituzten Jose Carlos eta Alvaro Llopisek beren areatik egindako jaurtiketa banarekin. Honela amaitu zen norgehiagoka, taldea hiru puntuen lehian erabat murgilduta, egindako esfortzuagatik akituta eta garaipenaren saria jaso gabe, baina guztia eman izanaren ziurtasun osoarekin.

Porrot honek Alziraren lidergoa indartzen du, Lauburu kontatuta atzetik dituen lau taldeekiko 7 punturen aldearekin jartzen baita. Orain lantaldea osatzea tokatzen da; datorren astean Inauterien astea da eta ez dago ligarik 1go Mailaren Kopako lehiaketa dela eta, beraz talde moreak martxoaren 9ko larunbata arte ez du norgehiagokarik jokatuko. Egun horretan, Belabietan neurtuko da AD Sala 2012 Patatas Gomez taldearekin.

#AukeratumoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra

XEHETASUNAK

NITIDA ALZIRA FS: Luis Moreno, Josep, José Carlos, Carlos Gil eta Rafa Ara.

Jokatu zuten beste jokalariak: Pau, Marcos, Xavier Andreu, Carlos, Jaume, Rene eta Alvaro.

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Antxon, Dani, Zumeta eta Oihan.

Jokatu zuten beste jokalariak: Andoni A., Adri, Aitzol eta Beñat.

 

TXARTEL HORIAK:

Oihan, Antxon eta Zumeta (LAUBURU K.E. IBARRA) eta Xavier Andreu (NITIDA AZIRA FS)

GOLAK

1-0 MIN 15 Rafa Ara

1-1 MIN 16 Oihan

ATSEDENALDIA

1-2 MIN 30 Zumeta

2-2 MIN 35 Luis Moreno

3-2 MIN 38 Luis Moreno

4-2 MIN 40 José Carlos

5-2 MIN 40 Álvaro Llopis

EPAILEAK

Pedro Salas Tari (Balentziako Komitea)

Samuel Gabaldon Rico (Balentziako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Alicia Grau Torres (Balentziako Komitea)