LAUBURU KE IBARRA – LASKORAIN K.E.

Lauburuk eta Laskorainek jokatuko duten derbia dela-eta, festa bikaina sortuko da larunbatean Belabietan. Lauburuk oso serio hartu beharko duen festa izango da hain zuzen, sailkapeneko hiru postuetako bat lortzeko azken trena izan daiteke-eta. Galaz jantzita eta Ibarrako gotorlekuko harmailak lepo, Alfredo Hualderen mutilak garaipena bereganatzen saiatuko dira pasa den astean San Juanen jasotako zartadaren ondoren.

Zaila izango da hala ere, gehienbat Laskorainek norgehiagoketan oso erritmo bizia jartzen duelako eta taldea sakon landutako defentsan oinarritzen delako bereziki. Narciso Pavok entrenatutako taldeak ez du esfortzua alde batera uzten eta ibartarrak irabazi nahi badute, gutxienez, bisitariek erakutsi ohi duten lan-gaitasuna berdindu beharko dute eta 40 minutuetan akatsik ez oparitu. Tolosarrek jaitsieratik urrundu direla ziurtatua dute jada, igo berria den talde batentzat asko esan nahi duen ezaugarria; beraz, larunbateko norgehiagokara presio handirik gabe etorriko dira eta garaipenarekin poz bat lortzeko gogotsu.

Lauburun berriz, Alfredok deialdia osatzeko arazoak izango ditu berriro, ondoezak eta minak lantaldeari eragiten jarraitzen du-eta. Zuhaitzen baja eta Andoni Agirrezabalaren mina jakinaz gain, aste honetan Aitzol eta Dani gehitu zaizkie. Biak ala biak oinean jasotako kolpearen ondorioz zalantzako izango dira larunbateko norgehiagokan. Hori horrela izanda ere, moreek gogor prestatu dira aste honetan, larunbatekoari merezi duen garrantzia emanez. Bigarren sailkatuetik hiru puntura egonik eta jardunaldi honetan burutuko diren hainbat duelu zuzen kontuan hartuta, garaipen more batek ibartarrak denboraldi guztian egon diren mailara itzultzeko aukera emango lieke.

Ibarrako entrenatzaileak honela adierazi zigun larunbatekoaz: “Partida berezia da. Jokalariek, etxekoak bereziki, aktibazio ezberdin batekin bizitzea saihestezina da. Gauza asko ongi egiten dakien talde baten kontra jokatuko dugu eta gauza guzti horiek oso bloke lehiakorra izatea ahalbidetzen du. Esfortzu bat egitea tokatzen zaigu, denetatik aldendu eta jokoan zentratu. Guztiaren bila joateko eta gure zaleek garaipenaz gozatzeko, gure helburu bakarra puntuak etxean geratzea dela erakutsi behar dugu”.

Norgehiagoka 18:30ean izango da Belabieta kiroldegian eta bi taldeen irteera ofizialean klubaren areto futbol eskolaren aurkezpena egingo da. Norgehiagokaren atsedenaldian eskolako txikiek ezustekoak eta opariak izango dituen jokoan hartuko dute parte; eta ohi bezala, Danon Txokoa tabernak eta Mahala Baserriko Produktuak eskainitako loteak zozkatuko dira baita ere, Belauntzako Ostatu jatetxeak klubeko bazkide guztientzako eskainitako bi lagunentzako bazkariaren zozketaz gain.

Harmailetan palko berezi bat ezarriko da, hainbat erakundeetako ordezkariek derbia ikustera etorriko direla baieztatu dute-eta. Bertan izango dira: FGF-ko presidentea den Juan Luis Larrea jauna, CVFS-ko presidentea Patrik Allende jauna, CGFS-ko presidentea Gurutz Bozal jauna, Ibarrako udaletxeko ordezkariak eta Laskorain KE-ko zuzendaritza batzordeko ordezkariak.

Betiko moduan, norgehiagoka klubeko Twitter bidez jarraitu ahal izango da. Ez ahaztu:

LARUNBATA, MARTXOAREN 23an, 18:30ean BELABIETAN.

#AukeratumoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra