A.D. LARDERO  – LAUBURU K.E. IBARRA MAHALA

Lauburu Ibarra Mahalak 2-4 irabazi zion Lardero talde errioxarrari oso norgehiagoka serioa jokatu ostean. Atsedenaldira 0-3ko emaitzarekin joan ziren bertako taldeari aukerarik ere eman gabe.

Etxekoak baloiaren jabe zirela hasi zen norgehiagoka; Arevaloren mutilak intentsitate handiarekin estutzen zuten, Errioxar pista zimurrean baloiaren zirkulazioa zaila izaten dela jakitun. Baloiak bote handia egiten du holakoetan eta kontrolatzea zailagoa suertatzen da. Partidako lehenengo minutuan Iker Zubelzuk 0-1ekoa egin zuen baloia lehenengo lerroan aurreratu ostean. Talde morearen aldeko jarri zen beraz, norgehiagoka eta lehenengo minutu horietan eroso sentitzen ziren baloirik gabe ere. Zortzigarren minutuan Oier Goikoetxeak 0-2koa jarri zuen markagailuan taldeko jokaldi eder baten bidez. Lehenbiziko zati bikain bat jokatu zuten moreek eta ia ez zuten atean jaurtiketarik izan. Lehenengo zatia amaitzeko minutu bakarra falta zela, beste jokaldi eder baten bidez Jon Ander Cuadradok hirugarren gol morea sartu zuen eta emaitza honekin erretiratu ziren aldageletara. Maila handia erakutsi zuten Arevaloren mutilak lehenengo zati honetan.

Bigarren zatia berdintsu hasi zen: ibartarrak baloia intentsitate handiarekin estutuz lehenengo lerroan akatsak sortu nahian. Bertako taldeari pibotarekin konektatzea eragozten zioten, honela joko zuzena ekidinez. Lehenbiziko okasioak ibartarrentzat izan ziren baloia geratuta, baina ezin zuten markagailuko aldea handitu. Lardero intentsitate handiagoarekin jokatzen hasi zen eta 10. minutuan aldea murriztea lortu zuen. Moreek saiatzen jarraitu zuten eta lau minutu beranduago presio irteera batean, Jon Ander Cuadradok 1-4koa ezarri zuen markagailuan.

Bertako taldeak bostekoa atera zuen orduan, aldea murriztu asmoz eta minutua baino gutxiago falta zenean lortu zuten markagailua mugitzea, azken emaitza 2-4ean finkatuz. Ibartarrak merezitako garaipena izan zuten, landutakoa izan zelako eta ligako sailkapenean postuak eskalatzen jarraitzeko aukera ematen diolako.

Norgehiagokaren amaieran entrenatzaileak hauxe esan zigun: “Lehenengo zati on eta oso bat bete du taldeak, bai defentsan bai erasoan ere, abiadura handiarekin; eta aurreikusitako plana bikain bete dugu. Bigarren zatia ondo kudeatu da; bertako taldeak, emaitza aldatzeko esperantzarekin, gehiago estutuko zuela bagenekien. Garai onean gaude eta areto futbol erakargarri bat jokatuz lortutako garaipena izan da. Zorionak jokalariei egindako norgehiagokagatik eta pistan eskainitako ikuskizun paregabeagatik”.

#AukeratumoreeginLauburu  #GoazenLauburuKEIbarra