LAUBURU IBARRA MAHALA – E.F.S DE SIERO “A”

Ligako hogeita batgarren jardunaldia 4-1eko emaitzarekin irabazi zuen Lauburu Ibarra Mahalak, azken asteetan daraman bolada onarekin jarraitzen duelarik. Ibartarrak lan asko egin behar izan zuten bisitariari irabazteko.

Ibartarrak hartu zuten iniziatiba partidaren hasieran. Asturiasko taldeak oso eskema kontserbatzailea erakutsi zuen Belabietan, bertakoen akatsen zain geratzen zelarik eta defentsa aldaketak pista erdian gauzatuz. Erasoan aurrez landutako ekintzak erabili zituzten bisitariek, beren atezainarekin ezustean, lotutako bosteko jokoarekin batera. Guzti honek, ibartarrek nahi baino erritmo geldoagoa eragiten zuen. Norgehiagokaren 3. minutuan Iker Zubeltzuk trantsizio on bat gauzatu eta taldea aurreratu zuen markagailuan. Aukera garbi gehiago ere izan zuten lehenbiziko minutuetan, baina ez zuten asmatu. Denbora aurrera zihoan eta Asturiarrak pista erdian jarraitzen zuten bertakoek noiz huts egingo, haiek kontra bizkorrean ateratzeko. Lehenengo zatia 1-0ekoarekin amaitu zen; ibartarrak ez ziren oso eroso sentitu jokoan, bisitarien defentsa irakurtzea kosta egin zitzaien.

Bigarren denboran ez ziren gauzak aldatu, iniziatiba moreen esku jarraitzen zuen eta Sierokoek berriro pista erdian zain. Baloia bertakoen zelaira inguratzen zen guztietan intentsitatearekin estutzen zuten. Zazpigarren minutuan Oier Goikoetxeak 2-0ekoa jarri zuen markagailuan, atezainarekin 1x1ekoa klasearekin gainditu ostean. 30 segundo geroago, estrategia ekintza bikain baten ondoren Joanes Tijerok 3-0ekoa egin zuen eta lau minutuetara Sierok 3-1ekoa. Zazpi minutu geratzen ziren jokatzeko, baina ibartarrek ez zuten aukera gehiagorik eman. Minutu bat faltan, ekintza kolektibo baten bidez Gurruk itxi zuen markagailua 4-1eko emaitzarekin.

Norgehiagokaren amaieran entrenatzaileak hauxe esan zuen: “Norgehiagoka mota hauek ez dira ikuslearentzat erakargarriak izaten, baina taldearentzat garrantzi handikoak dira, taktika desberdinen artean nola jokatu ikasteko. Jokoan erabat iniziatiba emateak ez dizu gola ziurtatzen, norgehiagokaren pisua eraman dugu gaur eta egia da ez dugula jakin asmatzen erasotzeko garaian, baina galeretan ondo kokatu gara alde defentsiboari oreka aurkituz. Taldea oso ondo ari da lanean, denen artean banatu ditugu minutuak; orain, Yesos Castaños taldearen kontrako partida zaila tokatzen zaigu. Partiduko bataz besteko 6 gol sartzen ditu talde honek, eta oso joko zuzena erabiltzen du. Aste honetan gogor lan egingo dugu talde honi aurre egin ahal izateko”.

#AukeratumoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra