YESOS CASTAÑO FS “A” – LAUBURU KE IBARRA MAHALA

Lauburu Ibarra Mahalak 2-3 irabazi zion Yesos Castaño talde asturiarrari ligako hogeita bigarren jardunaldian. Forma eta konfiantzari dagokionez, oso garai onean dago talde morea eta defentsa elkartasunean zein erasoan egindako lan ona edota atezain jokalariaren azken apustuan oinarritutako garaipen bikaina lortu zuen.

Baloia ibartarrek atera zuten eta Asturiaskoek pista erdiko aldaketan oinarritutako defentsa batekin, akatsak eragin nahian jokatu zuten, ondoren kontraerasoan ateratzeko. Erasoan 3-1 sistema erabili zuten, pibota bisitarien defentsan finkatu eta handik sartzeko asmoarekin. Ibartarrak pazientziarekin jokatu zuten eta pixkanaka egoera arriskutsuak sortzen hasi ziren. Arevaloren mutilak defentsa planteamendu desberdinekin aurkitzen dira astero, gehienak kontserbatzaileak badira ere; hau da, taldeak baloiari uko egiten dio jokoaren beste bide batzuk jorratzearen alde. Norgehiagokaren zazpigarren minutuan Iker Sanchez kadeteak egin zuen debuta; jubenilekin urtebetez entrenatu ostean, esfortzu guzti hori emankorra izan zela garbi geratu zen, jokatutako kalitatezko minutu horietan taldearen dinamikan sartzeko prestatuta dagoela erakutsi baitzuen. Partidua aurrera joan ahala, moreak posizio-erasoan eta estrategia ekintzetan izan zuten hainbat okasio, baina ez zuten golarekin asmatu. Bertakoek pibotarekin egindako ekintzen atzetik jarraitzen zuten eta nahiz eta lehenbiziko zatiaren azken minutuetan defentsan desdoitze bat edo beste izan zituzten, azkenean hutseko berdinketan amaitu zuen.

Bigarren zatiaren hasiera ez zen ona izan, 14 segundora aurreratu baitzen bertako taldea, falta bat ateratzean. Gola eta gero ibartarrak aurkaria bere atean setiatu zuten eta gol aukera garbiak sortu ziren, baina golaren aurrean ez ziren orokorrean oso trebe ibili norgehiagoka guztian zehar. Seigarren minutuan Iker Zubelzuk egindako berdinketa iritsi zen, baina bederatzigarren minutuan berriro aurreratu ziren bertakoek, bandako sake baten aurrean defentsa ezegokiagatik. Arevaloren mutilak posizio-jokoan nagusitasuna izanda eta okasioak jarraian sortzen baziren ere, amaieretan abilezia handirik gabe ibili ziren. Minutu bat beranduago bertakoen jokalari bat kaleratua izan zen. Moreek ez zuten besteen gutxiagotasun egoera hau aprobetxatu eta partidaren azken zatian sartu ziren kontrako emaitzarekin. Lau minuturen faltan ibartarrak bostekoa atera zuten, eta higadura eta pazientzia handiko bi minutu ondoren, presio irteera batean baloia berreskuratu eta Martin Ibarbiak binako berdinketa ezarri zuen markagailuan. Bosteko jokoarekin jarraitu zuten bi minutu besterik geratzen ez zirela eta taldeko konbinazio eder baten bidez, Martin Ibarbiaren beste golarekin aurreratu zen Lauburu markagailuan. Honen ondoren, bertako taldeak bostekoa atera zuen, baina bisitarien defentsa-paretarekin ezin izan zuen ezer egin eta puntuak Ibarrara joan ziren.

Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak honela esan zuen: “Jokatu duten norgehiagokagatik zoriondu nahi ditut jokalariak. Astero-astero gehiago gara eta hobeto jokatzen dugu. Aurrean genuen taldea geratzen oso zaila zen bere bertikaltasunagatik eta egindako akats batzuk kenduta, denborak ondo kudeatu ditugu. Kaleratzearen ondoren izan dugun abantaila egoeran ez gara ondo ibili, baina kontrako emaitzarekin eta bosteko jokoan egoera onak aurkitzeko pazientzia izan dugu azkenean partida etxera ekartzeko. Eguneko puntu ezkorra, aurkariaren atean asmatu ezinik ibili izana izan dela esango nuke; lanean jarraitu behar da puntu horretan hobetzeko, oso garrantzitsua da-eta. Hobetzeko aukera handia dugu oraindik, lau norgehiagoka geratzen baitira, eta aste santuen ondoren lehiaketaren azken hilabeteari aurre egiteko gogor egingo dugu lan, gure mailarik onena eskaini ahal izateko”.

#AukeratuMoreEginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra