LAUBURU KE IBARRA MAHALA – CD VALLE DEL EBRO

Lauburu Ibarra Mahalak ligako hogeita hirugarren jardunaldia jokatuko du larunbatean Belabietan. Ibarrako taldeak Valle del Ebro errioxar taldea jasoko du bertan eta puntuak gehitzen jarraitzeko aukera bikaina izango da.

Bisitariak hamahirugarren postuan doaz 13 punturekin; lau garaipen, berdinketa bat eta hamazazpi porrot egin dituzte, 72 gol sartu eta 132 jaso. Logroñon jokatutako norgehiagokan talde moreak 1-8ko emaitzarekin irabazi zuen.

Aste Santuetan entrenamendurik gabeko astebete egin ostean, oraingoan hiru entrenamendu on burutu dituzte Arevaloren mutilak, asteburuko partidara ahalik eta egoera onenen iristeko asmoz.

Entrenatzailearen hitzetan: “Larunbateko norgehiagoka zaila izango da. Etxetik ateratzen direnean 10-12 metroetako defentsa-planteamendu zein indibidual egiten dituztela badakigu eta iaz horrela egin zuten neurketak iraun zuen denbora guztian. Eskenatoki hau aurreikusiz aritu gara lanean astean zehar; ikusiko dugu zer nolako erantzuna ematen dugun. Astebeteko geldialditik gatoz eta agian lehiatze-erritmoa ez da egokiena izango, baina ezin dugu egoera hau aitzakia moduan hartu norgehiagoka aurrera ateratzeko garaian. Datorren astean beste geldialdi bat egongo da, mutilak azterketen azken egunetan sartuko dira, beraz, aste honetan etxeko lanak ondo egitea garrantzitsua izango da, hurrengoan azterketetan zentratu ahal izateko”.

#AukeratuMOREeginLAUBURU

#GoazenLauburuKEIbarra