FS MARIANO RICO CUÉLLAR  – LAUBURU KE IBARRA

Lauburuk denboraldi amaieran jokatu beharko dituen bost finaletatik lehenengoak amaiera pozgarria izan zuen, bukaera arte irabazteko grina erakutsita, taldeak hiru puntuak Ibarrara ekarri baitzituen. Alfredo Hualderen mutilak hirutan bederen erremontatu behar izan zuten, 12 segundo faltan azken 3-4ko emaitza ziurtatu arte.

Espero zen moduan joan zen norgehiagoka. Bertakoek talde porrokatua dutela erakutsi zuten eta edozein unetan Iñaki Peñaren atea aurkitu nahian ibili ziren. Moreen eraso-jokoa baldintzatu zuen Cuellarreko pistak, bisitariek ez zuten lortu zoru bizkor hartan eroso sentitzea. Lehenbiziko bi minutuetan bi aldeek izan zituzten okasioak. Oihan eta Andoni Carlosenak bertako atezainak alderatu zituen bi jaurtiketa egin zituzten; Peñak berriz, 1-0ekoa izango zena alderatzea lortu zuen Santa Clara eraikinean jada gola kantatzen ari zirenean.

Bertako taldeak inauguratu zuen markagailua. Kantxa erdiko galera bat Javik aprobetxatu, Samuri pasa eta honek Peña gainditu zuen bigarren zutoinean. Partiduko 3. minutua zen eta ibartarrei lau minutu kosta zitzaien golari buelta ematea. Hurbilketa lotsati batzuen ostean, Oihanek lehenengo lerroan baloia ostu eta Cano ondo-ondotik egindako bolea batekin gaindituz, berdinketa ezarri zuen.

Ondorengo minutuetan izandako bi okasioetan aurreratzeko aukera izan zuten moreek. Andoni Carlosenak egindako tiroa langara joan zen; Canok egindako gelditu bikainak Oihanen aukera bat ekidin zuen, eta Javi bere atea zulatzeko zorian egon zen tiro oker bat eginda. Hala ere, bertakoek jo zuten berriro. Javik kantxa erdian jaso eta Peñarena zuzendu zen. Aurrelariak goitik botatako tiro batekin gainditu zuen Peña, baloia eskuadraren ingurutik sartuz. Hortik atsedenaldira arte, bi alderdietan izan ziren okasioak, baina 2-1eko emaitzarekin erretiratu ziren aldageletara.

Atsedenalditik pilak kargatuta atera ziren ibartarrak eta egoera menderatzen hasi ziren. Denbora gutxira berdindu zuen markagailua Oihan goleatzaileak jaurtiketa indartsu batekin. Baloia, Piti, bertako jokalaria jo ondoren sartu zen sareetan. Orduan etorri ziren Laubururen unerik onenak; Oihanek behi baino gehiagotan egin zuen topo Canorekin sartzea lortu gabe. Bisitariek onenean zeudela eta 40x20an gertatutako edozer gauzak markagailua moreen aldera eramango zuela pentsatzen zutenean etorri zen 3-2koa ezarri zuen jokaldia. Javik atetik 11 metrora ateratako falta bat, zuzenean bota eta Peña azpitik gainditu zuen. Kolpe gogorra izan zen, baina bisitariek ez zuten etsi; bi minutu beranduago, presio irteera batean berriro Oihanek ezarri baitzuen berdinketa, Cano toke gozo batekin gaindituz.

Azken minutuak infartukoak izan ziren. Hiru puntuen bila dena emanez, Lauburuk bostekoa atera zuen eta bertako taldeak berdinketarekin konforme ez, eta berdina egin zuen. Baloiaren jabetza Segoviakoentzat izan zen denbora luzeagoan, eta Peña berak atera behar izan zuen bertakoek Ibarrako defentsa kokatu gabe harrapatu zuen une batean, iritsiera bat eragotziz. 12 segundora, berdinketan amaituko zela espero zenean, Antxonek aurkariaren pibotari aurreratuz, baloia ostu eta kontraerasoan Aitzoli pasa zion; honek Oihani, partidako protagonistak ate hutsera bota eta 3-4koa sartzeko. Bertakoek azken aukera bat ere izan zuten, erditik ateratzean, baina Ibarrako defentsak eragotzi zuen.

Hiru puntu gehiago Ibarrarentzat pribilegiozko postuetan jarraitu ahal izateko. Autokritika moduan esan behar da, taldeak hirutan behinik erremontatu behar izan zuela eta une batzuetan Mariano Rico Cuellarren la bikainaren aurrean makurtuta ere egon zela. Exijentzia handiko denboraldi amaierako finalean gaudela kontutan hartu behar da, talde lehiakorrak dauden multzo batean; partidu guztietan exijentzia maila handiena erakutsi behar da. Hau pasa da eta hurrengo erronkari begira jarri behar dugu. Hiru egun barru Belabietan izango da Sala Quinto taldea. Beste jardunaldi zail bat izango da, kategorian mantentzea jokatzen baitute haiek eta garaipenak bakarrik balio die. Maiatzaren 1ean izango da, asteazkenean 12:00etan. Ez da ohiko ordutegia, baina taldeak bere zaleen beharra izango du garaipen berri bat lortzeko.

#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra

XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Antxon, Javi Saldise, Andoni eta Beñat.

Jokatu zuten beste jokalariak: Oihan (3), Aitzol, Dani García, Garmen, Alvaro, Aitor eta Joseba.

FS MARIANO RICO CUELLAR: Cano, Campillo, Samu (1), Javi (2) eta Gonza.

Jokatu zuten beste jokalariak: David, Valcosa, Dani Lobo, Piti (1 pp), Campillo eta Ivan.

TXARTEL HORIAK:

  • FS MARIANO RICO CUELLAR: Valcosa, Piti eta Samu
  • LAUBURU KE IBARRA: Antxon, Javi Saldise, Oihan eta Andoni

GOLAK

1-0  MIN 03 Samu

1-1 MIN 08 Oihan

2-1 MIN 11 Javi

ATSEDENALDIA

2-2 MIN 22 Piti (ab)

3-2 MIN 30 Javi

3-3 MIN 32 Oihan

3-4 MIN 40 Oihan

EPAILEAK

Jose Antonio Piñar Viñas (Nafarroako Komitea)

Jesús Iribarren Santamaría (Nafarroako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Víctor Rodriguez Faraco (Gaztela Leongo Komitea)