LAUBURU KE IBARRA MAHALA – VALLE DEL EBRO CD

8-2 irabazi zion Lauburu Ibarra Mahalak Valle del Ebro errioxar taldeari bere hogeita hirugarren jardunaldiko norgehiagokan eta emaitza onen boladarekin jarraitzen du honela. Ibartarrak bisitaria baino martxa bat gehiagorekin atera ziren eta markagailuan 7-1eko emaitza ezarrita erretiratu ziren aldageletara, bigarren denbora jokatzeko zegoela partidua jada erabakita utziz.

Bisitariek egin zuten hasierako sakea; errioxarrak oso defentsa eskema kontserbatzailea ekarri zuten. 10-12 metroetako defentsa eginez, baloi-osteak bilatzen zituzten kontrara ateratzeko. Ibartarrak aste honetan mota honetako defentsak landu dituztenez, 40 segundo besterik ez zituzten behar izan markagailua irekitzeko, Iraitz Beak area kanpotik egindako gol bikain baten bidez. Moreek bizi zeuden eta gehiago nahi zuten; baloia erraz berreskuratzen zuten eta aurkariaren atea pazientziaz bilatzen zuten. Bi minutu beranduago, Oier Goikoetxearen asistentziarekin Iraitz Beak berriro, 2-0ekoa ezarri zuen markagailuan. Minutu bat geroago, Oier Goikoetxeak, kornerreko estrategia ekintza bikain batean 3-0 egin zuen. Arevaloren mutilak baloia intentsitatearekin estutzen jarraitzen zuten eta bi minutu beranduago Ion Ander Cuadradok 4-0ekoa egin zuen Beñat Bengoetxearen asistentzia on baten ostean. Errioxarrak intentsitatean eta jokoan gaindituta ikusten ziren. Hamabigarren minutuan Iraitz Beak 5-0ekoa sartu zuen kanpotik botatako tiro batekin. Talde moreak ez zuen ezer oparitu nahi eta bost minutu faltan, Iker Zubelzuk falta ateratzean egindako jaurtiketa bikain batekin 6-0ekoa ezarri zuen. Norgehiagokak norabide bakarra zuen, Ibarrakoek gehiago nahi zuten eta bi minutu faltan Asier Izagirrek 7garrena sartu zuen. 30 segundo beranduago errioxarrek trantsizio on baten ostean aldea murriztea lortu zuten eta 7-1eko emaitzarekin atsedenaldia iritsi zen. Talde morea jokoaren alderdi guztietan errioxarra baino gehiago izan zen lehenengo zati guztian.

Bigarren zatia hasi zen eta Marcos Alonso jokalari kadeteak bere lehenengo minutuak jokatu zituen ohorezko mailan. Jokalari gazteak pertsonalitatea eta dohainak azaldu zituen langa azpian, erronka berrietarako prestatua dagoela erakutsiz. Emaitza ikusita, bertako taldeak joko-intentsitatea jaitsi zuen bigarren zatian. Lau minuturen faltan Aimar Zubillagak 8-1ekoa jarri zuen markagailuan eta bi minutu falta zirela 8-2ko azken emaitza ezarri zuten.

Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak hauxe esan zigun: “Taldea bizi atera da partidura eta laugarren minutuan 3-0 jartzeak lasaitasuna eta konfiantza eman digu. Atsedenaldira 7-1 joatea ez da batere erraza, taldea serio eta indartsu egon dela erakusten du. Bigarren zatian erritmoa asko jaitsi da eta norgehiagoka bi taldeentzako ireki egin da. Marcosek ere bere debutean lan ona egin du. Bolada onarekin jarraitzen dugu eta horrekin geratzen gara. Hiru norgehiagoka besterik ez dira geratzen eta aurrera ateratzen saiatuko gara”.

#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra