IBARRAK KADETEEN ESPAINIAKO TXAPELKETAREN AURREKO FASEA ANTOLATUKO DU

JARRILLEROS – LAUBURU KE IBARRA 2003

Gertakariak biderkatzen ari dira Ibarran. Pasa den larunbatean Mikel Raposok gidatutako
kadeteen taldea Euskadiko txapeldun bilakatu zen eta honela, kategoriako Espainiako
txapelketaren aurreko fasea jokatuko du.
Emaitza jakin bezain pronto hasi zen Klubeko zuzendaritza fase horietako bat herrian
antolatzeko eskaera luzatzen, epea astelehenean 12:00etan amaitzen baitzen. Eskaera epe
barruan sartuta beraz, Laubururi sede bat eman zitzaiola asteartean eguerdian jakin zen eta
poz handia zabaldu zen familia more guztian. Proiektuaren sustapenari eta garapenari begira
garrantzi handiko ekimena izango da, jarraitzaile, babesle eta instituzio andana bertaratu
daitekeelako gurera.
Euforia puntu hori ez zen horretan geratu, izan ere, zozketa egin ondoren, multzoaren
osaketak berri oso onak utzi dizkigu-eta: kategoriako egungo txapelduna den F.C. Barcelona
taldeari multzo bera egokitu zaio beste 1go mailako klubekin batera, Zaragozako Sala 10 eta
Ribera de Navarra taldeak. Luxuzko kartela izango dugu beraz, Belabietan.
Etorkizunean lehenengo mailako talde batzuen parte izango diren gazte oparoetako batzuk
ekinean ikusteko aukera ezin hobea izango da.
Laubururentzat sari bikaina da eta bere neurrian gozatzen eta baloratzen jakin behar dugu.
Azken sei urtetan kluba bi faseetan sailkatu da Jubenil Nazionalean eta beste bitan kadete
kategorian; jokalari, tekniko eta direktibakoen lan gogorraren emaitza izan da, zalantzarik
gabe. Kategoria hauetan lor dezakegun saririk handiena da eta errepikatzeko zortea badugu
ere, torneo hauen partehartzeari eta antolakuntzari ezin diogu baliorik kendu.
Bidezkoa da Ibarrako udalaren inplikazioa azpimarratzea, ekimena antolatu ahal izateko
beharrezko xehetasun guztiak bizkortasunez kudeatzeagatik; eskerrak areto futbolaren komite
nazionalari ere, fase baterako sede moduan kluba aukeratzeagatik.