LAUBURU KE IBARRA MAHALA – SAN JUAN AD

Lauburu Ibarra Mahalak 6-0 irabazi zion AD San Juan taldeari eta denboraldia sentsazio
onarekin amaitu du. Talde moreak lehenengo zati on bat burutu zuen eta atsedenaldira 5-0eko
emaitzarekin erretiratu zen, nafarrei erremontatzeko aukera txikiena ere eman gabe.

Erritmo biziarekin hasi zen partida, denboraldiko azkenekoa hain zuzen, eta aurrean ligako
bigarren sailkatua; ikaragarrizko erregistroak dituen taldea: 180 gol aldeko, hau da, bataz
beste, partidako 7 gol egin ditu, izugarria. Arevaloren mutilak berriz, 92 gol sartu dituzte, ia
erdia; aurkari zaila izango zela zirudien beraz, baina moreek hasieratik ekin zioten lanari eta
hirugarren minuturako lortu zuten lehenengo gola. Martin Ibarbiak egindakoa bakarkako
ekintza baten ostean. Ibartarrak bizi ikusten ziren eta minutu bat beranduago, falta baten
egindako estrategia jokaldi batekin Oier Goikoetxeak 2-0era igo zuen markagailua. Ibarrako
haize bolada ez zen amaitu eta bi minutu beranduago Ion Ander Cuadradok baselina
antologiko batekin Belabieta hankaz gora jarri zuen. Bisitarien hutsartearen ostean, arrisku
aukera batzuk sortzen hasi ziren nafarrak, baina moreak seguru agertzen ziren defentsan.
Alvarok pista erdian baloia ostu eta Martin Ibarbiari pasa zion laugarren gola sartzeko zortzi
minuturen faltan. Gustura ari ziren jokatzen Arevaloren mutilak, erasoan zein defentsan ondo,
eta bi minutu falta zirela, Gurruk 5-0ekoa egin zuen kornerra ateratzean egindako ekintza
bikain batekin. Honela amaitu zen lehenengo zatia.

Bigarren zatian nafarrak estutzen hasi ziren eta lehenbiziko minutuan aldeko penalti bat izan
zuten, baina Javi Ayerbek bikain geratu zuen tiroa eta ez zuten tantoa lortu. Ibartarrak ez zuten
ezer oparitu nahi eta emaitzak geldirik jarraitzen zuen. Zazpi minuturen faltan, Alvarok
kanpoko jaurtiketa bat egin eta bisitarien atezaina ustekabean harrapatuz 6-0ekoa egin zuen.
Golaren ostean bi taldeak emaitza onartu zuten eta aulkietatik ezohiko jokalariak atera
zituzten kantxara. Bi taldeak saiatzen jarraitu zuten, baina emaitza ez zen gehiago mugitu.

Norgehiagokaren amaieran, entrenatzaileak hauxe esan zuen: “Oso emaitza onarekin amaitu
dugu denboraldia, taldea goraka joan da denboran eta jo handiagoa izan bagenu lehenbiziko
hiru edo lau postuetan amaituko genuela iruditzen zait. Defentsako erregistroak onak dira,
baina besteak nahiko eskasak eta azkenean taula erdian gaude eta justua dela esango nuke,
alde honetan ez baitugu ezberdintasunik markatzeko aukerarik izan. Pertsonalki, erronka bat
izan da, tekniko aldetik jokalarien perfila oso baxua zen eta asteetan zehar asko hobetu dugu;
taldearen lanarekin oso gustura nago; haien eguneroko lanik gabe, hau ezinezkoa izango zen.
Esker ona besterik ez dut haientzat”.