18/19 denboraldi ahaztezin hau amaitzear da eta Lauburuk kadeteen taldearekin Espainiako txapelketaren aurreko fasean parte hartuz eta ekimena antolatuz esango dio agur. Luxuzko kartela izango dugu bertan; Mikel Raposoren mutilak lehenengo mailan taldeak dituzten hiru klubetako kadeteak izango dituzte aurrean: Ribera de Navarra, Sala 10 Zaragoza eta FC Barcelona. Klubarentzat hain berezia izan den denboraldi hau ixteko kartel paregabea, zalantzarik gabe.

 

Klubak egun berean antolatu duen Lauburu eguneko festak jarriko dio ginga pastelari. Larunbat egun guztian ospatuko da San Bartolome plazan eta bertan, puzgarriez gain, bazkari herrikoia egingo da jokalari, tekniko, guraso zein jarraitzaileentzat. Bazkariko txartelak ohiko tokietan daude salgai 15 eurotan helduentzat eta 7 euro txikientzat.

10:00etatik 12:00etara futbolin puzgarri bat ipiniko da plazan, adin guztietako pertsonentzako; 12:00etan Lauburu zale guztiak Belabietara igotzea animatuko ditugu, kadeteen lehenengo norgehiagoka ikusi eta talde morea animatzeko; Zaragozako Futbol Emotion Sala 10 taldearen kontra jokatuko du eta hau amaitu ostean kalejira egongo da bazkaria ordua arte.

 

Kirol gaiei dagokienez, kluba kontziente da aurkari hauekin dagoen aldea eta zailtasuna, baina jokalariek duten ilusioak eta Belabietan jokatzeak emango dien motibazioak kantxan gustura ibiltzea eta esperientziaz gozatzera eramango ditu Mikelen mutilak, aldi berean, jokoaren maila kualitatiboki hazteko ahalbidetuz.

 

Alderdi honetan egun bizitzen ari garen ziklo honen balioa denborak neurtuko du, bai entitate bezala bai uneaz gozatzen ari den jokalari andanaren ikuspegitik ere.

 

Eskualdean eta probintzia mailan kirol honen inguruan sortzen diren gorabeherak ikusita, azken sei denboraldietan 4500 biztanletara iristen ez den Ibarra bezalako herri txiki batek lortu duena aipatzekoa da: kategoria nazionaleko jubenilen taldeak bi aldiz irabazi du liga, ondorioz bitan jokatu du Espainiako txapelketaren aurreko fasea; kadete kategorian ere bi aldiz bilakatu da Euskadiko txapeldun, Bizkaian jokatu izanak ematen dion zailtasuna gehituta,eta bi aldiz sailkatu da Espainiako txapelketaren aurreko fasera. Hau guztia, klubaren adierazle maximoa den taldearen gorakada tartean izanda. Denboraldiz denboraldi hazten joan den taldea, euskal areto futbolaren kategoria gorenean Errege Kopa jokatzeko bi aldiz sailkatu dena. Ligako titulua lortzeko azken jardunaldira arte borrokatu ostean, bigarren postu bikainean amaitu du denboraldia.

 

Urte berezia izan da, eta urteko berri onenetako bat eskolaren sorrera izan da. Bertan, 43 neska-mutilek hartu dute parte, benjamin eta alebin kategorian. Arrakasta itzela izan du, eta datorren denboraldirako izen-ematea osatua dago jada, 28na benjamin eta alebin dituen bi multzorekin. Epe luzeko proiektu sendo bat sortzeko bidean, klub moreak aspaldiko ametsa gauzatu du honela.

 

Eskualdeko erakunde eta enpresa askoren babesa duen proiektua da gurea; erakunde eta enpresa hauek egiten duten esfortzuagatik eskertu nahi ditugu, beraien laguntza gabe hau dena ezinezkoa litzatekeelako. Eskerrik asko proiektu honetan sinesteagatik.

 

Kluba ari da jada, egungo denboraldia itxi aurretik, datorrena lantzen; proiektu mota hauetan ohikoa izaten da hori, giza baliabide gutxi dagoen kirola baita eta finkatutako helburuetara iristeko aurreratzea behar-beharrezkoa izaten da.

#GoazenLauburuKEIbarra #aukeratuMOREeginLAUBURU