Etxeko jokalarien jarraipena baieztatu ostean, jokalari nafarrek ere talde morean jarraituko dutela baieztatu dute.

Lau nafar hauen jarraipena zorioneko berria da Ibarrarentzat, beste urtebetez more kolorea defendatuko dute-eta. Beraz, Andoni eta Oihan Carlosena anaiek, Dani Garcia eta Javi Saldisek beste denboraldi batez Belabietako publikoa gozarazten jarraituko dute.

Pieza garrantzitsuak dira lauak zelai barruan zein kanpoan, eta klubak haien aldeko apustua egin du beste behin. Taldean nola egokitu diren aldageletan ondo sumatzen da eta proiektuaren alde erakusten duten inplikazioa azpimarratzekoa da, guztiak gutxienen, hirugarren denboraldia egingo baitute morez.

Javi Saldise, Irurtzungo ezkerrarentzat bosgarren denboraldia izango da taldean. Bere sen goleatzaileak eta zelaian erakusten duen borroka grina nekaezinak, aldageletan jokalari erreferente izatea ahalbidetzen dio. Golen aurrean egiten duen ekarpena egiten jarraitzea espero dugu.

Andoni Carlosenak ere, bere bosgarren denboraldia izango du aurten Lauburun. Ezkarotzko jokalaria gakoa da entrenatzailearen eskemetan. Jokoa ikusteko gaitasunak eta defendatzeko erakusten duen intentsitateak, maila fisikoan Ibarra talde gogor bat izatea eraman du, norgehiagoka bakoitza eta 40 minutuetan zehar erritmo altuarekin jokatzen duelarik.

Dani Garcia, Iruñeko atzelaria, hirugarren urtez jarraian izango da gurekin. Taldeari lasaitasuna eta inteligentzia ematen jarraituko du, eta orain arte bezala, une gogorretan ere taldea sostengatzea tokatuko zaio. Azken bi denboraldietan jasotako gol kopuru txikiaren erantzuletako bat da eta bere hazkunde prozesuarekin gozatzen jarraitzea espero dugu.

Azkenik, gure goleatzaile partikularraren jarraipena. Oihan Carlosenak bere kalitatearekin eta gol gaitasunarekin gozaraziko gaitu. 18/19 denboraldian sartutako 31 golen jabeak garrantzia handiko jokalaria izaten jarraituko du. Partidetako une zehatzetan erabakigarria, eta pasa den denboraldian puntu asko irabazarazi zituena. Aldi berean Ibarrako txikienen artean gehien txalotua izan den jokalaria ere bada, beraz, 40x20ko pistan berari begira gozatzeko aukera izango dugu berriro.

Honela, jarraipenen gaia amaitzen dugu, eta laster, gurera etorriko diren jokalari berriak ezagutzeko parada ere izango dugu, aurrera egin eta denboraldiz denboraldi hazten jarraitzea ahalbidetuko digutela ziur gaude.

#AukeratuMoreEginLauburu