Abuztuaren 17ko larunbatean Lauburuk aurredenboraldiko bere lehenbiziko konpromisoa jokatu behar izan zuen Ibararte taldearen kontra. Aurredenboraldietako ohiko norgehiagoka bat izan zen; hiru entrenamendu bakarrik eginda, zehaztasunean eta erritmoan nabaritzen zen. Hala ere, gotorleku morean ibartarren lehiakortasuna neurtzeko test bikaina izan zen.

Norgehiagokan bi taldeek defentsan erakutsi zuten intentsitatea izan zen aipagarriena; defentsa altuak aurkariaren akatsak bilatuz. Hala, lehenbiziko minutuan Esteribartarrek lehenengo lerroan oste bat aprobetxatu eta 0-1ekoa egin zuten baselina eder batekin. Talde morea, pixkanaka kantxan egokitzen joan ziren eta berdinketa egiteko hainbat okasio izan zuten. Azkenean Antxon izan zen markatu zuena; area aurrealdetik egindako jaurtiketa bortitz batekin gainditu zuen atezaina, eta berdinketaren tantoarekin atsedenaldia iritsi zen.

Bigarren zatian ibartarrak erosoago egon ziren eta baloiaren zirkulazioarekin gehiago asmatu zuten. Hala ere, Ibarartek kontra bizkorrekin mina egiten zuen eta Jorgek lan dezente egin behar izan zuen. Zati honen erdialdera, jokaldi more polit baten ostean, Zumetak atezainaren irteeran baloia pikatu eta Martinek buruz errematatu zuen markagailua 2-1era igoaz. Handik gutxira Bolik 3-1koa egin zuen nafarren atearen eskuadrara botatako jaurtiketa bikain batekin; eta azkenik Andoni, baloiak aurkari bati jo eta atezaina oharkabean harrapatuz, 4-1ekoaren jabe egin zen.

Norgehiagokaren alde onak baloratu behar ditugu, Ibarrako jubenilak kalitatezko minutuak osatu eta gol bana sartu baitzuten. Garaipen batekin hasiera ematea ere ona da, aurredenboraldiaren lehenengo astean egindako lana pixkanaka indartzen joateko.

 

Aurredenboraldiko bigarren testean ere sentsazio onak (9-1)

Pasa den larunbatean, Ibarrako San Bartolome festen erdi-erdian, Alfredo Hualderen mutilak aurredenboraldiko bigarren lagunartekoa jokatu zuten Belabietan Otxartabe bizkaitarren kontra. Ibartarrak beren fisikorik onena atera behar izan zuten garaipena eskuratzeko, eta azken minutuetan goleatzeko ere.

Parekotasun eta intentsitate handia ikusi zen norgehiagokaren hasieran, bi taldeak defentsa altua ezarrita. Honek jokoa sortzeko garaian akats batzuk eragin zituen bi aldetan, baina bietako inork ez zuen iritsiera horiek abantailarekin aprobetxatzen jakin izan. Lauburuk korner baten ostean ireki zuen markagailua, Antxonek zulo bat aprobetxatu eta Fali azpitik gainditu zuenean. Handik gutxira bizkaitarrek berdinketa egin zuten, kontraeraso on bat Barberok bigarren zutoinean errematatuta. Hala ere, lehenengo zatia amaitzerako Danik estrategia jokaldi batean area aurrealdetik egindako jaurtiketa batekin 2-1ekoa egin zuen.

Bigarren zatian ibartarrak intentsitate handiarekin jokatzen jarraitu zuten, bai erasoan baita defentsan ere. Halaxe iritsi zen 3-1ekoa, Aitzolek lehenengo lerroan ostu eta baselina fin batekin baloia sareetan sartu zuenean. Handik gutxira, Bolik ostu eta jaurtiketa indartsu batekin atezaina gainditu zuen 4-1ekoa eginez.

Tanto honek Otxartabe nekarazi zuen; minutuak aurrera eta erremontatu ezinik ikusten zuen bere burua. Javi Saldisek egin zuen 5-1ekoa, Antxonen asistentzia bat amaituz; ondoren Zumeta gehitu zen gol-festara korner baten ostean egindako golarekin. Handik bukaera arte, Otxartabek bostekoarekin jokatu zuen, baina beste hiru gol gehiago jaso zituen, Antxon, Javi Saldise eta Zumetak egindakoak, hain zuzen.

Hazten jarraitzeko eta irailaren 14an gure bertsiorik onena eman ahal izateko, aurredenboraldian jarraitu beharreko bidea garbi utzi zuen beste test bikain bat izan zen norgehiagoka hau.

Aste honetan beste bi lagunarteko aurreikusita daude Belabietatik kanpo. Asteazkenean Elorrion jokatuko du talde moreak, bertako 3. mailako Bustanza taldearen kontra, eta larunbatean berriz, Juventud del Círculo, Burgosko taldearen aurrean jarriko da. Irteera hau jubenilen ohorezko mailarekin batera egingo da, gazteak beste kantxa batean eta kategoria bereko Juventud del Circulo taldearen kontra jokatuko dutelako. Hitzordu bikoitza Ibarrako klubaren adierazle nagusiak diren bi taldeentzat, denboraldi berrirako prestatzen joateko.

#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratuMoreEginLauburu