-Irudia: Fernando Miguel-

Pasa den astea izan zen aurredenboraldia prestatzeko garaian gogorrena Laubururentzat, hiru entrenamendu saio burutuz eta Belabietatik kanpora jokatu behar izan zituzten bi lagunartekoekin.

Lan-karga nabaritzen hasiak dira jada jokalariak, eta entrenamendu zein norgehiagokak baldintzatu dituzten baja batzuk izan dira astean zehar. Aldarte honetan beraz, jubenilen partehartzea garrantzitsua izan da, programatutako lanak aurrera eraman ahal izateko.

Norgehiagoketan sartuta, talde moreak irabazten jarraitzen du, astean zehar egiten den lana indartuz. Lehenbizikoa asteazkena, abuztuak 28an jokatu zen Elorrion, bertako Bustanza taldearen kontra. 0-3ko emaitzak ibartarren nagusitasuna islatzen du fisiko aldetik gehienbat, bertakoak bi entrenamendu saio egin ostean jokatu zuten-eta. Defentsan emandako irudi bikaina, amaierara hutsean iritsiz; eta Aitzolek, Andonik eta Beñatek egindako golak, izan zen norgehiagokatik azpimarragarriena. Abuztuak 31ko larunbatean ordea, Burgosen beste partidu bat jokatu behar izan zuten, Juventud del Círculo taldearen kontra, 2.B-ko multzo berean dagoen taldea hain zuzen. Lehenengo taldetik pistan bost jokalari bakarrik izan baziren ere, ibartarrak beren dohain lehiakorra atera eta 2-4ko emaitzarekin irabazi zuten. Lehenengo zatia oso paretsu joan zen, Javi Saldisek sartutako golaren abantailarekin bakarrik jokatu zutelarik, baina bigarren zatian moreak erosoago sentituz zehaztasun handiagoarekin ibili ziren, nahiz eta Burgoskoek hasieran gola sartu zuten. Jabetzan erakutsi zuten nagusitasunagatik arrisku handiarekin iristen ziren aurkariaren atera, Javi Saldise eta Bolik markagailuan aurreratzea lortu zuten arte. Azken minutuetan bertako taldearen gol batek arriskuan jarri zuen garaipena, baina Andonik azken minutuan sartutakoak ziurtatu zuen.

Denboraldia irailaren 14an hasiko da eta prestatzeko astebete besterik ez da geratzen. Bajan dauden jokalariak osatzea espero dugu, Belabietan jokatuko den aurredenboraldiko azken norgehiagokan lantalde osoa ikusi ahal izateko. Irailaren 6an izango da 19:30ean Iruñeko San Juan taldearen kontra. Norgehiagoka hau denboraldi berrirako lantaldearen aurkezpena egiteko baliatuko da; bigarren urtez jarraian hiru konpetizio ofizial jokatuko ditugu: liga, errege kopa eta Gipuzkoako kopa. Pasa den denboraldian ligako sailkapenean hirugarren amaitu zuen aurkari bikaina da San Juan eta zozketa egiteko garaian koparako lehiakide izateko aukera izango duen taldearen kontra jokatzea test bikaina izango da.

LAUBURU IBARRA MAHALA, OHOREZKO MAILAREN LEHENBIZIKO LAGUNARTEKOA

Lauburu Ibarra Mahalak 7na berdindu zuen Burgosko Amistad FS taldearen kontra aurredenboraldiko lehenbiziko norgehiagokan. Ibartarrak astean entrenamendu saio gogorrak buru ostean eta bertan landutako kontzeptuak abian jartzeko asmoz bidaiatu zuten Burgosera.

1-4ko emaitzarekin joan ziren aldageletara, golak Joanes Tijero, Jokin Agirretxe eta Alvaro Alonsok, bina, eginak izan zirelarik. Bigarren denboran Burgosko taldeak berdinketa egitea lortu zuen 7nako emaitzarekin amaituz. Bigarren zatiko golak Asier Izagirrek (2) eta Alvaro Alonsok sartu zituzten.

Norgehiagokaren amaieran entrenatzailea honela adierazi zen: “Lantalde berri bat izanda, maila tekniko-taktikoan edota erasoan oso normalak diren akats dezente egin ditugu, baina taldea alai jokatzen saiatu da eta hori asko gustatu zait. Defentsa egiteko garaian agresibitate maila areagotu beharra daukagu, baina ziur naiz asteak pasa ahala hobetzen joango garela eta gauzak ateratzen joango direla”.