Alfredo Hualderen mutilak larunbatean 12:00etan Juventud del Circulo talde beti zailaren aurrean jarriko dira.

Ligako lehenbiziko jardunaldian zale moreen aurrean estreinakoz jarriko da talde morea

Burgoskoen kontrako norgehiagokan. Lehenengo jardunaldi honetarako jokatzeko ohiko ordua goizera (12:00ak) aldatu behar izan da. Intentsitate handiko aurredenboraldi baten ostean, baloia Belabietara eramateko ordua iritsi da. Abuztuan zehar egindako lan guztiaren isla izango da lehenbiziko partidu hau. Garaipenez betetako aurredenboraldia amaituta, aurrera egin eta urteko lehenengo hiru puntuak lortzeko garaia da.

Aurrean, Juventud del Circulo CD taldea izango dute ordea; hau ere bere lehenengo hiru puntuak lortzeko asmotan etorriko da. Iazko denboraldiaren hasieran bezala, bi taldeak elkarren kontra jokatzen estreinatuko dira ligan. Pista erdian ezarritako defentsa atzeratu eta ordenatuak, eta baloiarekin duen joko alaiak, 40 minutuetan zehar oso talde deserosoa bihurtzen du. Esandakoaren ispilu da, azken norgehiagoketan, gehienetan, berdinketarekin amaitu izana.

Aurredenboraldian elkarren kontra jokatu zuten norgehiagokan, talde moreak irabazi zuen, baina ibartarrek badakite lagunarteko horren antzik ez duela izango larunbatekoak. Juventud taldeak oso bloke tinkoa lortu du aurten, eskarmentua eta gaztetasuna uztartuz; konbinazio honek partida guztiak azken minutura arte lehiatzeak eramango ditu.

Lauburuko entrenatzaileak jokalari guztiak eskura izatea espero du, baina jokalari batzuk molestiekin dabiltza azkenaldian eta azken ordura arte zalantza izango dira. Zumeta, Andoni Agirrezabala eta Aitzol beraz, azken ordura arte ezin jakin jokatuko duten edo ez. Jardunaldi honetan egongo ez dena ziur, Juaristi da; klubarekin jokatzen ikusteko itxaron egin beharko dugu oraingoz. Endika eta Jorge atezainek ate morearen aurrean ikusteko aukera bai izango dugula.

Hasiera zaila izango du Lauburuk, baina ahalik eta esfortzurik handiena egingo du hala ere, hiru puntuak etxean gera daitezen. Betiko moduan, zaleen laguntza eta babesa ezinbestekoa izango du talde moreak garaipena lortzeko. Parrokia moreari deialdi berezia egiten diogu larunbatean taldea animatzera etortzeko Belabietara.

Bazkide egiteko kanpaina martxan da oraindik, bai web orrian baita klubeko bulegoan ere, dauzkagun orriak beteta. Bazkideak dituzten abantailekin jarraitu ahal izateko, aurten ere, alde batetik, Ibarrako Merkatari Elkartearekin duen hitzarmena beste urtebetez luzatu da. Elkarteko merkatariek hilero 50 euroko erosketa txekeak zozketatuko dituzte Lauburuko bazkide guztien artean. Horretarako erosketa egiteko momentuan bazkide txartela erakutsi besterik ez da egin behar. Beste aldetik, eskualdean laguntzaile diren jatetxeetan, bi lagunentzako afari zein bazkari zozkatuko dira Belabietan jokatzen diren norgehiagoken atsedenaldian, bazkide guztien artean. Eta partidua ikustera datorren publikoaren artean berriz, Danon Txokoak eta Mahalak Baserriko produktuak eskainitako loteak zozkatuko dira. Hauek ere, atsedenaldian.

Bazkide diren pertsona guztiak, sarreran azken zozketa hauetarako zenbakia jasoko dute sarreran bazkide txartela erakutsita.

Ez ahaztu, larunbatean 12:00etan denak Belabietara!!

Ohiko moduan, norgehiagoka klubeko Twitter kontuaren bidez jarraitu ahal izango duzue.

#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenLauburuKEIbarra