Lehenengo jardunaldia Belabietan 6-0 irabazita denboraldiari hasiera ezin hobea eman ostean, aste honetan Kantabriara bidaiatu beharko du taldeak CFS Castro Urdiales taldearekin neurtzeko. Gure inguruko areto futbolean historiko bat da talde hau eta bere erkidegoan erreferente.

Kantabriakoek 2.B-ko 2. multzora igo dira aurtengo denboraldian. Merezitako igoera hori 3. mailan zazpi urtez jokatu ostean etorri zaie. Gorritxoek taldea kategoria honetan kontsolidatzen saiatuko dira beraz, denboraldi honetan. Lehenengo jardunaldian puntu baliotsu bat lortu zuten Tafatrans taldearen kantxan berdinketa eginda; emaitza honek konfiantza irabazten lagundu izango dio Alex Sobak gidatutako taldeari, beraz, ibartarrak asko saiatu beharko dute handik puntuak ekartzeko.

Lauburuk berriz, lehenengo hiru puntuak lortzeak ematen duen lasaitasunarekin egingo dio aurre bigarren norgehiagoka honi. Hala ere, Peru Zaballa oso pista zaila dela jakitun da talde morea eta hori kontuan hartuta aste guztiko entrenamendu saioetan gogor egin dute lan; partidua ahalik eta ondoen prestatu, neurketara baldintza onenetan iristeko.

Alfredo Hualdek ez ditu jokalari guztiak eskura izango, Juaristi osatze prozesuan jarraitzen du eta Endika ez da egongo gai pertsonalak medio. Azken entrenamendu saioaren ondoren honela zion teknikariak: “Dinamika positibo batetik gatoz, aurredenboraldi on bat eginda eta Ligaren hasiera ezin hobea izanda. Ez gera, baina, horrekin konformatuko, eta Castrora gauzak ondo egitea eta puntuak etxera ekartzeko asmoarekin goaz. Badakigu ez dela erraza izango, Castro taldea oso indartsua baita bere etxean, gainera motibazio handia izango dute, 2.B-ra itzuli ondotik etxean eta bere afizioaren aurrean jokatzen duten lehenbiziko norgehiagoka izango da-eta”.

Ez ahaztu! Larunbatean 18:00etan Peru Zaballa kiroldegian (Castro Urdiales)

Ohorezko Mailak ere, Castro Urdialesen bertan jokatuko du aurredenboraldiko bere azken lagunartekoa, kategoria bereko taldearen kontra, eta klubak bi taldeak batera eramanez, bidaia aprobetxatuko du. Anekdotaz eta aurrez aurreko zirraragarriez betetako iragana duten kluben artean bi norgehiagoka izango dira beraz, Castron. Kirol ibilbide paretsua izan dute bi klubak eta jarraitzaile zein teknikarien artean harreman bikaina izatea ahalbidetu du.

Betiko moduan, norgehiagoka Klubeko Twitter kontutik jarraitu ahal izango da.

#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra #ZurekinGehiagoGara