Larunbatean 18:30ean Lauburuk Laskorain KE tolosarra jasoko du, bizilaguna eta ohiko talde zaila. Bi taldeak bolada erabat desberdina izaten ari badira ere, emozioa eta ikuskizuna ziurtatua dago; iazko norgehiagokak gogoratu besterik ez ditugu hori baieztatzeko, azken segundora arte partida zirraragarriak izan ziren-eta. Horregatik behar-beharrezkoa jotzen dugu more zale guztiek Belabietara hurbiltzea taldeari bultzada emateko.

Denboraldi hasiera honetan, lehen aipatu bezala, talde bakoitzaren dinamikak desberdinak izan badira ere, Laubururentzat norgehiagoka zaila izango dela zalantzarik ez dago. Bakoitzak bere helburuetatik ez urruntzeko ahaleginak egin beharko ditu, eta talde tolosarrak zailtasun handiak jarri dizkio beti Laubururi. Adibide moduan, iaz elkarren kontra jokatutako ligako azken bi partiduak; biak azken minutuetan erabaki ziren eta atezain jokalaria atera ostean.

Alfredo Hualderen mutilak iaztik daramaten dinamika onarekin jarraitzeko kontzentratu dira. Pasa den asteburuan Castron lortutako azken uneko garaipenaren ostean, beste hiru puntu gehiago lortu nahi dituzte sailkapenean gora egiteko. Horretarako, entrenatzaileak, bi garaipenak lortu dituzten jokalari berak izango ditu eskura. Juaristik bigarren itzulira arte itxaron beharko du bere taldea zenaren kontra jokatzeko.

Laskorain taldea bere aldetik, Narciso Pavoren gidaritzapean jarraitzen du eta pasa den denboraldiko bloke berdina du, jokalari batzuk salbu. Eta bajak daudenerako, horitxoek, eskualdeko hainbat jokalari gazteekin osatu dute taldea. Ez dute liga hasiera erraza izan, Guardo eta Tafatrans taldeek izan baitituzte aurrez aurre.

Ibarrako entrenatzailea honela adierazi zen derbiaz galdetu genionean: “Gure armak ongi erabiltzen jakin beharko dugu norgehiagoka honetan, eta erritmoa zein kontzentrazioa mantendu denbora guztian. Lehenbiziko bi asteetan punturik lortu ez badute ere, bere gidoia oso garbi duen talde baten aurrean jarriko gara, eta pasa den astean Tafatransen kontra irabazteko zorian egon ziren.

Zirraragarria izango da larunbatekoa. Belabietan 18:30ean norgehiagoka ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dugu eta harmailetan giro bikaina egotea espero dugu, bi afizioek beren taldeak animatuz.

Ez ahaztu! Larunbatean 18:30ean BELABIETAN!

Norgehiagoka, betiko moduan, Twitterretik jarraitu ahal izango da.

Atsedenaldian, sarrerako zenbakiarekin, gure laguntzaileak diren Mahala Baserria eta Danon Txokoaren produktu-sorten zozketa egingo da, eta bazkide guztien artean Leaburuko Ostatuan bi lagunentzako bazkari bat ere, zozkatuko da.

#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez