Lauburu Ibarra Mahalak 3-7ko emaitzarekin irabazi zion Lugonesko La Esperantza Rangers taldeari bere etxean, bigarren garaipen morea jarraian eginez. Ibarrakoek partida serioa jokatu zuten orokorrean eta atsedenaldira arte Asturiaskoen aldeko zegoen norgehiagoka erremontatzeko gai izan ziren.

Oso entxufatuta hasi zuten neurketa jokalari moreek eta bigarren minutuan Martin Ibarbiak gol bikain bat sartuz taldea aurreratu zuen. Pozak ez zuen asko iraun ordea, handik minutura, area hertzean existitu izan ez zen falta bat ondo aprobetxatu zuen bertako taldeak eta markagailuan berdinketa ezarri zuen. Seigarren minutuan Asier Izagirrek berriro taldea aurretik jartzea lortu zuen kanpoko jaurtiketa on batekin. Aitor Arevaloren mutilak partida ona ari ziren jokatzen, defentsan serio eta erasoan erritmoa ezarriz, baina kriteriorik gabeko epaile-lan eskas baten eragina izan zuen. Atsedenaldirako minutua falta zela bertako taldeak berdindu egin zuen emaitza, penalti bikoitza botata, gertatu ez zen beste falta baten ostean. Hau gutxi izan balitz, bertakoen trantsizio batean, epaileak blokeoa ebatzi zuen eta beste penalti bikoitza bat botata, 3-2 jarri zen bertako taldea. Lehenengo zatia halaxe amaitu zuen, bisitariek 8 faltekin, hauetatik lau izan ez zirenak, eta beste hiru, gol bihurtu zirenak.

Ibartarrek bigarren zati hasiera ikusgarria egin zuten. Itogarria izan zen presio baten ostean, baloiak erraz errekuperatu eta Asturiasko taldea bere kantxan zokoratu zuten. Partiduko seigarren minutuan Aimar Iturriotzek egin zuen berdinketaren gola, lehenengo lerroan Jokin Agirretxek baloia ostu ostean. Talde moreak gehiago nahi izan zuen eta minutu bat beranduago, Jokin Agirretxeren beste baloi-oste batean, Asier Izagirreri pasa zion, honek 3-4 egin ahal izateko. Bigarren zatia oso ona izan zen Ibarrako taldearentzat; nagusitasun morea nabarmena izan zen eta bertako taldeak jaurtiketa bakarra egin zuen bitartean. Norgehiagokaren azken lau minutuetan Eneko vinuesa eta Jokin Agirretxeren konbinazio on baten ostean, azken honek 3-5ekoa ezarri zuen markagailuan eta Asturiaskoek atezain jokalaria atera zuten orduan; bigarren erasoaldian eta Martin Ibarbiarekin batera burututako defentsa-lan on batean, Alvaro Alonsok 3-6koa sartu zuen. Ibartarrak bizi jarraitzen zuten eta minutua falta zela, Aimar Zubillaga eta Iñigo Iriarteren arteko konbinazio on baten ondoren, Joanes Tijerori asistentzia egin eta honek azken 3-7ko emaitza finkatu zuen markagailuan.

Norgehiagokaren amaieran entrenatzaileak hauxe esan zuen: “Partidu on bat egin du taldeak, oso bizi egon gara eta kontrolatu ezin izan dugun alderdia kenduta, garaipena eskuratzeko osagai guztiak jarri ditugu. Norgehiagokak zuzentzeko ardura dutenak, lehiaketaren aurrean klubak eta jokalariek jartzen duten mimo bera jartzea nahiko nuke. Zorionak taldeari, datozen erronkei begira lanean jarraitu behar dugu orain”. Datorren larunbatean 16:00etatik aurrera, Jarrilleros taldea jasoko dugu Belabietan.

#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez