Azken minutuak arte emaitza erabaki gabe egon zen norgehiagoka zail bat atera zuten aurrera ibartarrak larunbatean.

Defentsan gogor eta erasoan gauzak garbi zituztela ikusi ziren bi taldeak hasiera-hasieratik, aurkariari baloia kentzeko aukerak ekidin nahian, bereziki. Joko arinagoa egiten zuen Lauburuk, baina okasioak bi aldetan sortzen ziren. Lehenengo zatiaren erdi aldera, Javi Orozek talde nafarra aurreratu zuen markagailuan (0-1), zelai erditik botatako jaurtiketa bat eginez eta Jorge ezustean harrapatuz. Gol honek indarra eman zien ibartarrei eta handik minutura berdinketa lortu zuten bandan egindako jokaldi batekin, Antxonek Andoniri bigarren zutoinera bidali eta honek gustura errematatuz. Handik gutxira berriro Nafarrak aurreratu ziren, Javi Pulidoren bidez, bandako sake baten ostean. Lauburu berdinketa egiten saiatu zen berriro, baina Amezketak bere taldea aurretik mantendu zuen. Lehenengo zatia amaitzear zela lortu zuen Zumetak berdinketa, hurbileko falta baten ostean eskuadrara botatako ostikada batekin. Binako berdinketarekin iritsi ziren beraz, atsedenaldira.

Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi zen, bi taldeak hiru puntuen bila buru-belarri. Markatzen lehenengoak irabazteko asko izango zuela garbi zegoen. Ibartarrak ordenarekin defendatzen zuten eta garbiago iristen ziren Amezketaren atera, baina honek bere horretan mantentzea lortu zuen. San Juan, bere aldetik, kontra bizkorren bidez eta estrategia jokaldiekin arriskua sortzen saiatzen zen. Binako berdinketa honekin eta giro berotuarekin, azken bost minutuetara iritsi ziren. Eta orduan iritsi zen Lauburu onena. Korner baten ostean, Antxonek bolea bat hartu eta 3-2koa egin zuen harmailetan zirrara eraginez. 4-2koa Javi Saldisek egin zuen Zumetaren zerbitzu bat bigarren zutoinean hartu eta gero. Jokaldi honen kontra kexa asko adierazi zuten bisitariek eta atezainaren kanporaketa eragin zuen, ondorioz, bi minutuz jokalari gutxiagorekin jokatu behar izan zutelarik. Lauburuk egoera hau aprobetxatzen jakin izan zuen eta 5-2koa Andoniren esku geratu zen: Javi Saldisek lehenengo lerroan ostu eta Andoniri pasaz, honek bigarren saiakeran baloia sareetan sartu zuen. Azken hiru minutuetan Iker Bizkaik bostekoa atera zuen, baina Laubururen defentsa-lan bikainak erremontatzeko aukera guztiak zapuztu zituen.

Hiru puntu gehiago gehitu dituzte beraz, moreek. Norgehiagoka gogorra izan zen, baina Lauburukoen pazientziak eta eraginkortasunak garaipenera eraman zituen. Arratsalde borobila izan zen gainera, Ohorezko jubenilak ere gol festa izan baitzuten Kantabriako MarRock taldearen kontra. Juaristiren debuta ere azpimarratzekoa izan zen, lesiotik erabat osatuta, Ibarrako defentsan intentsitate handia jarriko du-eta.

Astelehenetik aurrera, lantaldeak konpromiso berria prestatzen hasi beharko du. Ostiralen izango da, azaroaren 1ean, Bizkaiako Kukuyaga taldearen kontrako norgehiagoka. Mimoz prestatu beharko duten beste norgehiagoka bat hirunaka gehitzen jarraitu nahi badute.

Norgehiagokaren atsedenaldian, bazkide guztien artena LEABURUKO OSTATUAK eskainita, bi lagunentzako bazkariaren zozketan irabazle Maitane Cívico izan zen. Zorionak!!!

Gogoan izan klubeko bazkide izateko kanpaina martxan dela, eta 2019-2020 denboraldi honetan talde morea ikusi eta animatu nahi baduzue, bazkide egiteko inprimakiak bulegoan ez ezik, Zubiaurren, Goxobin eta Coviranen aurkituko dituzuela.

#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez

XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Jorge, Antxon (1), Andoni (2), Javi Saldise (1) eta Zumeta (1). Beste jokalariak:  Beñat, Aitzol, Dani G., Oihan, Juaristi eta Endika.

AD SAN JUAN FS: Amezqueta, Igor, Guille, Raid eta Pulido.

Beste jokalariak: Julen Luis, Javi Oroz, Saul, Román, Javi Morillas, Simon eta Adrián.

TXARTEL HORIAK:

LAUBURU K.E. IBARRA: Dani G. eta Andoni

SAN JUAN: Javi Morillas, Guille eta Saul

TXARTEL GORRIAK:

SAN JUAN: Amezqueta

GOLAK 

0-1 MIN 7 JAVI OROZ

1-1MIN 8 ANDONI

1-2MIN 10 PULIDO

2-2 MIN 19 ZUMETA

ATSEDENALDIA

3-2 MIN 35 ANTXON

4-2 MIN 36 JAVI SALDISE

5-2 MIN 37 ANDONI

EPAILEAK

Paula Palma Menendez  (Kantabriako Komitea)

Miguel Trueba Fraile (Kantabriako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Jose Maria Montero Celaya (Gipuzkoako Komitea)