Lan asko egin behar izan zuen talde moreak Etxebarrin Kukuyaga taldearen aurrean irabazteko. Bertako taldeak norgehiagokari eutsi zion hasiera-hasieratik tentsioa eta intentsitatea ezarriz eta moreek bai erasoan bai defentsan erakutsitako eraginkortasun faltak, partida azken minutuetan bosteko jokoaren bidez erabakitzera behartu zituen ibartarrak.

Ibartarrak defentsa altuarekin hasi zuten norgehiagoka, bizkaitarrei zirkulazioa eragotziz; ostutako baloien bidez bertako atearen inguruan iritsierak eta estrategiak sortzen zituzten. Kukuyagak berriz, kontra bizkorrak bilatuz pista erdiko defentsa bat aukeratu zuen, honela, bere aukerak sortu zituelarik. Lauburuk ordea, ez zituen bere okasioak aprobetxatzen eta atezain bizkaitarrak bere taldea hutsean mantentzen jarraitzen zuen. Hamabigarren minutuan Andonik beste Andoniren zerbitzu bat jaso zuen bigarren zutoinean eta Lauburu markagailuan aurreratzea lortu zuen. Handik minutu gutxira, jokaldi polemiko bat etorri zen eta bertakoek erakutsi zuten kiroltasuna azpimarratzekoa izan zen: ustekabeko kolpe baten ondorioz Lauburuko atzelaria erori egin zen eta egoera baliatuz, Etxebarrikoek gola sartu zuten; baina golaren ondorengo sakea atera orduko, bertako taldeko jokalari guztiak baztertu egin ziren ibartarrak tantoa egin zezaten eta markagailuak aurreko abantailarekin jarraitu zedin. Honelako ekintzak oso gutxitan ikusten dira kirolean eta horrelakoetan gazteenei zer nolako balore handiak helarazten dizkiegun kontziente izan beharko genuke. 1-2ko emaitzarekin abiatu ziren beraz, aldageletara bi taldeak.

Bigarren zatiaren hasiera frenetikoa izan zen; 30 segundora Joseba Yenesek Lauburukoen irteeran egindako akats bat aprobetxatu eta berdinketa ezarri zuen jaurtiketa zuzen baten bidez. Jarraian etorri ziren minutuetan talde morea presiotik atera zen eta aurkariaren areara iritsi ziren behin baino gehiagotan, baina bertako atezainak Gipuzkoarren gola eragotzi zuen behin ta berriz. Ika-mikan ibili ziren denboran ez zuen inork markagailua astindu eta azken minutuetara binako berdinketarekin iritsi ziren. Handik aurrera, Laubururen esperientziak markatu zuen bien arteko aldea. Hiru minutura Javi Saldisek talde morea aurretik jarri zuen bosteko jokoarekin egindako jokaldi batean. Bizkaitarrek ere, bostekoarekin erremontatzen saiatu ziren, baina Ibarrakoen defentsak irabazi zuen; gainera Antxonek baloia ostu eta ate hutsera botata 2-4koa egin zuen. Emaitza honekin iritsi ziren amaierara eta puntuak Lauburuk eraman zituen, lan eta sufrimendu handiarekin.

Etxetik kanporako garaipen berri honekin Ibartarrak, igoerako play offa jokatzea ahalbidetzen duten goiko postu horietan finkatzen dira. Errefortzu ona izango da denboraldi honetako aste gogorrenetako bati aurre egiteko, izan ere, datorren larunbatean Palentziako Guardo taldea jasoko baitute Ibartarrak Belabietan; puntuetan Laubururekin berdinduta dagoen taldea hain zuzen. Honen ondoren, 12an, Zaragozako Colo Colo taldea etorriko da Belabietara Errege Koparen bigarren kanporaketa jokatzea eta astea Tafallan jokatuz amaituko dute, lehenengo postuetarako faboritoa den taldearen kontra.

Honelako kontuak beraz, Ibarrako jarraitzaile guztiak deitzen ditugu datorren larunbatean, azaroak 9an, 18:30ean Belabietara hurbiltzeko pilak kargatzera.

Pasa den asteburuan ez dugu lehiaketarik izan Ohorezko Mailan eta ezta azpiko kategorietan ere. Lehenengo Mailak Gipuzkoako Koparen bigarren kanporaketa irabazi zuen Legorretan eta honek beste erronda batera pasatzeko aukera ematen die Txubelen mutilei.

Gogoratu bazkide egiteko kanpaina martxan dela; talde morea ikusi eta animatzeko aukera 2019/2020 denboraldi honetan. Bazkide egiteko inprimakiak Belabietako bulegoan, Zubiaurre tabernan, Goxobi eta Coviranen dauzkazue.

#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenMorez #ZurekinGehiagoGara

XEHETASUNAK

 KUKUYAGA FC: Iñigo, Zuru (1), Joseba (1), Imanol Ruiz eta Iñaki

Beste jokalariek: Axel, Crespo, Javi Cortes, Alex, Iker, Aritz eta Imanol Trinidad.

LAUBURU K.E. IBARRA: Endika, Antxon (1), Aitzol (1), Zumeta eta Javi Saldise (1).

Beste jokalariek: Dani, Oihan, Andoni (1), Beñat Aldalur, Juaristi eta Jorge.

TXARTEL HORIAK

KUKUIAGA FC: (Txartelik ez)

LAUBURU K.E. IBARRA: Oihan

GOLAK

0-1  MIN 12 – ANDONI 

1-1MIN 18 – ZURU 

1-2MIN 18 – AITZOL 

DESCANSO

2-2 MIN 21 – JOSEBA

2-3 MIN 37 – JAVI SALDISE

2-4 MIN 39 – ANTXON  

EPAILEAK 

David Ocaña Romero (Euskal Komitea) 

Igor García Martos (Euskal Komitea)

KRONOMETRATZAILEA 

Iñaki Ortiz García (Euskal Komitea)