Bi aste etxetik kanpo jokatu ondoren, Lauburu Belabietara itzuliko da F.S Cuellar Cojalba Mariano Rico taldearen aurka lehiatzeko. F.S Cuellar sailkapeneko 11. postuan kokatzen da, ibartarretatik 10 puntutara. 11 partida jokatuta, Cuellarrekoek 3 garaipen, berdinketa 1 eta 7 porrota pilatzen dituzte.

Horrela, larunbateko partida arratsaldeko 18:30ean hasiko da, eta talde batek ere ez du amore emango azken txistua entzun arte. Zalantzarik gabe, Natalia Marotok entrenatutako mutilek ez diote batere erraza jarriko talde moreari. Izan ere, aurreko larunbatean egun sailkapeneko buru den Tafatrans Vulcanizados Ruiz F.S taldearen aurka galdu zuten arren, ez da ahaztu behar Guardo F.S Deporcyl aurkari indartsuaren kantxan ere merezitako berdinketa lortu zutela.

Beraz, hasieratik maila altuarekin lehiatzen duen talde bat izango du aurrez aurre Lauburuk. Izan duten entrenatzaile aldaketarekin, presio handiko joko baten alde egiteaz gain, eraso zuzen baten aldeko apustua egiten dute. Gainera, Ibarra “garaipenaren bidera itzultzeko” asmoz bisitatuko dutela iragarri dute. 

Alfredo Hualderen mutilei dagokienez, kopako partida duela gutxi jokatzeak suposatu dien esfortzu eta higadura fisiko guztia errekuperatzen ari dira pixkanaka; eta Javi Saldise eta Juaristiren baja ziurtatuez gain, Zumeta, Dani eta Oihan zalantza izango dira azken momentura arte. Taldeko gainerako kideek ahalik eta gehien borrokatuko dute Gaztela eta Leongo taldea garaitzeko. Gainera, Ibarrakoek jokalari bat gehiago izateko aukera izango dute; izan ere, Iñigo Iribarren, klubaren fitxaketa berria, deialdian egongo da eta estreinatzeko aukera izango du. “Nire hondar alea aportatzea espero dut, guztion artean jarritako helburuak bete ditzagun”, zioen Iribarrenek Laubururekin egindako fitxaketa ofizial egin zen egunean.

Taldeak bi jardunaldi daramatza Ibarrara 3 puntu ekarri ezinean. Horregatik, larunbat honetan garaipena lortzea funtsezko helburu bihurtu da. Puntu horiek lortuta, Lauburuk, zeina egun sailkapenean zazpigarren postuan dagoen, Ligako jardunaldiko lehen postuetan jartzeko aukera izaten jarraitu ahal izango du.

Hurrengoak dira mister ibartarrrak, partidarekin lotuta egindako adierazpenak: “Belabietatik kanpo jokatutako azken bi partidetako bolada txarra irauli nahi dugu. Aurrean, aurkari zaila eta jardunaldi bakoitzean oso ondo lehiatzen ari dena. Partida bukaerako xehetasun txikiek bakarrik ukatzen die sailkapenaren goragoko postuetan egoten. Guk bajekin jarraitzen dugu, baina ez da aitzakia izango gure bertsiorik onena eman eta gure zaleei beste garaipen bat eskaintzeko”. 

Horrekin guztiarekin, taldeko zale guztiak animatzen ditugu Belabietara gertura daitezen, Alfredo Hualderen jarraitzaileei euren babes osoa helarazteko. Gure publikoa ezaugarritzen duen grina eta entrega handiarekin eta moreek beti ziurtatzen duten areto futbol onaren ikuskizunarekin, talde handia osatzen dugu. Egin dezagun beste asteburu batez!

GOAZEN LAUBURU K.E IBARRA!!!!