Lauburu Ibarra Mahala taldeak ezin izan zuen Castro Urdiales taldea garaitu Ligako hamargarren jardunaldian. Bi taldeek presio handia egin zuten defentsan eta askotan atera ziren erasoan, etengabe arriskua sortuz.

Lehen zatiko hasierako minutuei dagokienez, talde moreari ez zitzaion aukerarik falta izan markagailua estreinatzen lehenak izateko. Hala ere, behin kontrako taldearen areara iritsita, ez zuten atean asmatzen. Castrokoek, aldiz, lehen minutuetan egin zituzten jokaldietan eta talde moreak egindako akats larri batzuk medio, baloia porterian sartzea lortu zuten. Ondorioz, hiru gol jarraian igo zituzten markagailura; hirurak, Marcos Urquijok. 

Emaitza horri aurre eginez, Lauburu Ibarra Mahala taldeak intentsitatea eta jokalarien arteko konplizitatea erakusten jarraitu zuen, jokoan koordinazio oso ona nagusituz. Modu horretara, lehen zatia bukatzeko 6 minuturen faltan, talde moreak gol bat sartzea lortu zuen. Gainera, handik gutxira, Castroren jokalarietako batek beste bat sartu zuen bere atean, markagailua 2 eta 3-ra aldatuz. Ondoren, zatiaren amaiera iristeko 2 minutu eskas falta zirenean, aurkariak atean asmatzen jarraitu zuen eta, beste behin ere, Marcos Urquijok, 2 eta 4-ekoa jarri zuen markagailuan.

Aldageletatik itzuli ondoren, jokoa oso azkarra izaten jarraitu zuen bi taldeen aldetik. Inor ez zegoen amore emateko prest. Aitor Arevaloren mutilek kontrako atera iristen jarraitzen zuten, baina azken pasean edo azken jaurtiketan huts egiten zuten. Atezainari jaurtitako jaurtiketa horiek indar handia zuten arren, Castroko atezaina etxekoen golak galarazteko lan ona egiten ari zen. Eta, egoera horri dagokionez, oso ondo aprobetxatzen jakin zuten aurkariek, etengabe erasora irten eta beste bi gol lortu baitzituzten. 

Aurrerago, azken txistua entzuteko minutu gutxi falta zirenean, Aitor Arevalok bosteko jokoaren alde egin zuen. Erabaki arriskutsua izan zen, baina, aldi bereran, oso egokia; talde moreari erasoan nagusitasuna irabazteko aukera eman baitzion. Izan ere, jokalarien arteko konplizitate onarekin jarraituz, Ibarrakoek apur bat gehiago hurbildu ahal izan zuten aurkarira, markagailuan 3 eta 6-ekoa jarriz, Aimarren gol bati esker. Gainera, minutu batzuk geroago, Martinek, atezaina ezustean hartu ostean, beste jaurtiketa bat sartu zuen.

Markagailuan 4 eta 6-ekoarekin, partidaren emaitzari buelta emateko aukeran sinetsi zuten Ibarrakoek. Gutxigatik ez ziren aurkariaren parean jarri eta momentuko tentsioak ez zion mesederik egin Alvaro Alonsori, zeinak bigarren txartel horia jasota, talde ibartarra jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen. Horrela, partida amaitzeko minutu bat falta zenean, Marcos Urquijok markagailua 4 eta 7-koarekin itxi eta Lauburu bere gustuko maila erakutsi ez izanaren sentsazioarekin utzi zuen.

Horrekin guztiarekin, azken minutuak iritsi arte erabaki gabe egon zen partida bat izan zen larunbatekoa. Entrenatzaile ibartarraren hitzetan: “Castro zoriondu behar dugu garaipenagatik. Gu baina hobeto lehiatzen jakin izan zuten partidako tarte askotan eta garaipena merezi zutela uste dut. Guk akats oso larriak izan genituen lehen hiru goletan. Gogorra izan zen galtzea, ez baikenuen amaiera hori espero, eta, beraz, taldea nahiko ukituta geratu zen. Sailkapenak beste zerbait esaten duen arren, badakigu gure mailatik behera lehiatu ginela, potentziala duen talde baten aurka”.

Datorren asteburuari dagokionez, Bilbora bidaiatuko dute sailkapeneko lehen postuan dagoen Otxartabe C.D taldearen aurka jokatzeko. Partida zaila aurreikusten da, beraz, talde moreak liderra gainditzeko eta 3 puntuak etxera ekartzeko gai direla erakusteko prest daude. 

Azkenik, nabarmendu beharra dago Aitor Arevaloren mutilak denboraldi oso ona egiten ari direla eta, Castroren aurka galdu arren, sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen dutela. 

AUPA LAUBURU IBARRA MAHALA!!!!