Lauburuk Ligako hamalaugarren jardunaldiko partida galdu zuen berriro larunbat honetan. Ibartarrek denboraldian zehar oso emaitza onak izaten ari den Ibararte C.D. taldea jaso zuten Belabietan. 

Talde moreak irabazteko beharra zuen, eta ideiak oso argi edukita atera zen pistara. Lau jardunaldi jarraian garaipenik lortu gabe egon ondoren, Alfredo Hualderen mutilek bazekiten zein garrantzitsua zen larunbat honetan 3 puntuak etxean geratzea.

Horrela, astean zehar oso gogor entrenatu ondoren, ibartarrek joko azkar eta biziari ekin zioten, eta kanpoko taldeak bere onena emanez erantzun zion. Lehen minutuak etxekoentzat onenak izan ziren argi eta garbi; izan ere, nahiz eta nafarrak izan markagailura lehen gola igotzeaz arduratu zirenak, Lauburuk ez zuen denbora asko behar izan berdinketa lortzeko, Oihanen gol bati esker.

Gainera, talde morea defentsan lan bikaina egiten ari zen eta oso zaila jarri zion jokoa Ibararteri. Horrela, defentsa hori aprobetxatuz eta erasoan nagusitasuna edukiz, Lauburuk 3 eta 1-ekoa jarri zuen markagailuan eta emaitza horri eutsi zion lehen zatiaren amaierara arte. Oraingoan, Aitzol eta Daniren eskutik etorri ziren golak.

Aldageletako itzuleraren ostean, hasiera ez zen onena izan Ibarrako taldearentzat, bigarren zatiari hasiera eman eta, segundo batzuk beranduago, markagailura gol bat igotzea lortu baitzuten nafarrek. Alfredo Hualderen mutilek, ordea, lehen zatiko joko onari eusten jakin izan zuten. Horrela, Zumeta 4 eta 2-koaz arduratu zen, talde-lanean bikain aritu ondoren. Handik gutxira, Ibarartek gol bat gehiagorekin erantzun zien etxekoei. 

Azkar zihoazen minutuak Belabietan eta Lauburuk, baloi lapurreta eta jaurtiketa biziekin nibel altuko jokoa eskaintzen jarraitzen bazuen ere, ez zuen lortzen baloia sarearen hondoan bukatzea. 4 eta 3-ko emaitzarekin, bi taldeek bazekiten partida oraindik ez zegoela bietako inoren alde idatzita eta, ziurrenik arrazoi horregatik, giroan tentsio handia nabaritzen hasi zen.

Hala, Laubururen urduritasunak eta markagailura golak igotzeko gogoak, ez zuen beste emaitzarik izan Ibararteren berdinketa baino. Min handia egin zuen berdinketa bat izan zen; izan ere, gol hori Oihanek falta bat egin eta bigarren txartel horia atera ondoren etorri zen. 

Markagailuko emaitzarekin, talde bisitaria gora etorri zen eta 3 puntuak eskuratzeko zituen aukeretan sinesten hasi zen. Modu horretara, helburu horretan zentratuta eta jokaldi on bat aprobetxatuta, Laubururi aurre hartzea lortu zuten. 

Egoera horren aurrean, Alfredo Hualdek, partida amaitzeko minutu gutxiren faltan, 5eko jokoaren alde egin zuen. Erabaki horri esker, talde moreak behin baino gehiagotan lortu zuen aurkariaren areara iristea. Gutxi falta izan zitzaion Aitzoli gola sartu eta berdinketa lortzeko, baina baloiak ez zuen porterian sartu nahi izan. Minutu batzuk geroago, partidaren amaiera iragarri zuen txistua iritsi zen eta, bi taldeek oso antzeko jokoa eskaini bazuten ere, Ibarartek eraman zuen etxera garaipena. 

Beste jardunaldi bat sailkapenean punturik igo gabe eta beste jardunaldi bat Lauburuk bere egoeraren inguruan hausnartzeko beharra duela. Ibarrakoek, sailkapenari dagokionez, posizio onean jarraitzen badute ere, larunbatean galdu ondoren, hainbat dira buruz buruko postuetan dauden taldeetatik bereizten dituzten puntuak. Horregatik, oso gogor lan egin beharko dute distantzia hori murriztu nahi badute.

Entrenatzailearen hitzetan: “Partida duina egin genuela uste dut, Guadalajaran egindakoa hobetuz. Talde hobea izan ginen, are gehiago, jokoari dagokionez 3 puntuak lortzea merezi izan genuela uste dut. Dena den, unean uneko akatsek eta, batez ere, azken minutuetako eraginkortasun ezak, porrota etxera eramatera eraman digu”. 

Datorren larunbatean Bizkaira bidaiatu eta Otxartabe C.D. taldearen aurka jokatuko du taldeak. Funtsezkoa aurkaria garaitu eta 3 puntuak Ibarrara ekartzea. Beraz, azkenaldian lortutako emaitza txarrak gorabehera, Alfredo Hualderen mutilek inoiz baino gogo handiagoarekin entrenatuko dute bolada txar honekin bukatzeko gai direla erakusteko. 

ANIMO EKIPO!! AUPA LAUBURU!!

PARTIDAKO XEHETASUNAK

IBARARTE C.D: Aitor Eugui, Alden Tristán Gail, Josetxo Chourraut, Iosu Mendive eta Iñaki Ozcoidi 

Horiez gain: Eder Sendra, Beñat Erro, Asier Oraa, Iñaki Arrizabalaga, Cristian Zubiri eta Javier Duran

LAUBURU K.E IBARRA: Andoni Aguirrezabala, Andoni Zumeta, Andoni Carlosena, Beñat Aldalur eta Endika Uribe          

Horiez gain: Iñigo Iribarren, Aitzol Oyarbide, Xabier Juaristi, Oihan Carlosena, Daniel García eta Jorge Sánchez

TXARTEL HORIAK

IBARARTE: Beñat, Tristán Alden eta Aitor

LAUBURU: Aitzol, Zumeta eta Oihan (2A)

GOLAK

0-1 MIN 05 – AITOR

1-1 MIN 06 – OIHAN

2-1 MIN 12 – AITZOL

3-1 MIN 15 – DANI

ATSEDENA

3-2 MIN 21 – JOSETXO

4-2 MIN 28 – ANDONI

4-3 MIN 29 – IOSU

4-4 MIN 36 – IÑAKI

4-5 MIN 37 JOSETXO

ARBITROAK

Árbitro Fútbol Sala: Iker De La Hoz Escudero (C.T.A. Vasco) 

Árbitro Fútbol Sala: David Ocaña Romero (C.T.A. Vasco) 

Árbitro Asistente F.S.: Daniel Dos Anjos De Celis (C.T.A. Vasco)