Lauburu ez dago bere unerik onenean. Bost jardunaldi garaipenik lortu gabe eman ondoren, taldearen animoak ez daude oso altu. Pasa den larunbatean Ibararte C.D. taldea jaso zuten eta, Ibarrakoek jokoan maila ona eskaini bazuten ere, ezin izan zuten 3 puntuak Belabietan geratzea lortu.

Aste honetako partidari dagokionez, Bizkaira bidaiatuko dute 29 punturekin sailkapeneko bigarren postuan dagoen Otxartabe C.D. taldearen aurka jokatzeko. Orain arte jokatutako 14 jardunaldietan, 9 garaipen, 2 berdinketa eta 3 porrot pilatzen dituzte. Gainera, lehen postuan dagoen taldetik puntu bakarrera daude bilbotarrak, eta, espero bezala, euren artilleria guztia aterako dute Lauburu mendean hartu, garaipenaren 3 puntuak lortu eta lider jartzeko.

Hala ere, Ibarrakoek ez diote erraza jarriko aurkariari helburu horren lorketa. Jakitun dira oso partida zaila izango dela, batez ere, Otxartabek talde bikaina osatu duelako eta Ligako titulua lortzeko faboritoak direlako. Dena den, ezer ez da oztopo Lauburuk bere aukeretan sinesten jarraitzeko. Horregatik, dena emango dute eta euren indar guztiak aterako dituzte partida irabazi ahal izateko.

Talde moreko jokalariei dagokienez, Javi Saldise, zeinak lesioa dela eta azken partidetan ezin izan duen jokatu, berriro hasi da entrenatzen, baina, hala ere, zalantza izango da azken ordura arte. Gainontzekoak, aurreko jardunaldietan bezala, norberaren onena emateko prest egongo dira. 

Hortaz, bi aurkariak oso talde indartsuak izanik, partida zaila baina polita eta areto futbol nibel handikoa izango dela aurreikusten da. Horrela, urteko azken partidan garaipena lortzeko, Lauburuk zein Otxartabek azken momentura arte borrokatuko dutela espero da. 

Azkenik, Ibarrako jokalariak kontziente dira zein egoeratan dauden eta badakite oso garrantzitsua dela dinamika aldatzea. Jokoari dagokionez une onenetan ez badaude ere, ez da emaitza horiek lortzeko bezain txarra izaten ari. Dena den, momentu hauetan emaitzak dira alarmak pizten dituztenak eta Otxartaben zerbait positiboa ateratzeak, gabonetako geldialdira beste sentsazio batzuekin joateko aukera emango luke. 

AUPA LAUBURU K.E IBARRA!!!!