Lauburukoek oso aurkari gogorra izan zuen parez pare larunbatean. Taldea jakitun zen oso partida zaila izango zela, eta oso mentalizatuta atera ziren Belabietatik. 5 jardunaldi jarraian garaipena lortu ezinik eman ondoren, gabonetako geldialdira sentsazio onekin joan nahi zuten eta, horregatik, oso motibatuta egoteaz gain, gogo handia zuten duten joko maila ona erakusteko.

Horrela, partida arratsaldeko 16:15ean bazen ere, goizeko 11: 00etan atera ziren Ibarratik. Oso garrantzitsua zen eguna taldean eta asteko helburuan kontzentratuta hastea: denboraldi ona egiten ari den Otxartabe taldea garaitzea.

Beroketaren ondoren, lehen minututik oso bizia izan zen partida bati eman zitzaion hasiera. Jokoaren intentsitatea bi aurkarien aldetik oso antzekoa izan bazen ere, Lauburu nagusi izan zen lehen zatian eta markagailua estreinatzeko aukera politak izan zituen. Hala ere, baloiak ez zuen ate barruan bukatu nahi. Gainera, bizkaitarrek ere euren iritsierak izan zituzten arren, Lauburuk behin baino gehiagotan lapurtu zien baloia pista erdian.

Horrela, partidaren hasiera hasieratik, Lauburuk gol bat baino gehiago sartzea merezi izateko jokoa eskaini zuen. Hala ere, lehen zatia bukatzeko oso gutxi gelditzen zelarik, Otxartabe izan zen markagailua irekitzeaz arduratu zena.

Aldageletatik bueltan, segundo gutxi behar izan zituen aurkariak markagailura beste gol bat igotzeko. Dena den, Alfredo Hualderen mutilak ez zeuden amore emateko prest eta, minutu batzuk geroago, markagailuan hurbiltzea lortu zuten, animoa igotzeko balio izan zuen gol batekin. 

2 eta 1-ekoarekin, azkar zihoan erlojua Bilbon. Ibarrakoek aurkariaren ate ingurura egiten zituzten iritsieretan oso zorte txarra izaten jarraitzen zuten, baina, defentsan oso lan ona mantendu zuten. Aipatzekoa da, halaber, Endikak jaurtiketa oso garrantzitsuak gelditzea lortu zuela.

Behin azken 10 minutuetan sartuta, gol gehiago iritsi ziren bi taldeen aldetik. Aurkariaren gola talde moreari baloia lapurtu eta kontra erasoan azkartasun handiz aterata etorri zen, markagailuan 3 eta 1-ekoa jartzen zutelarik. 

Handik gutxira, Juaristik Otxartabeko jokalari bati baloia lapurtuz erantzun zion. Lapurketaren ondoren, Juaristik erraz lortu zuen beste jokalaria atzean uztea eta, era berean, azkartasun handiz, baloia Andoniri area barruan pasatzea lortu zuen. Azken honek, pase horri esker, une hartan gure jokalariei beharrezko bultzada emateko balio izan zuen gola sartu zuen. 

Aurrerago, Otxartabek, erritmo aldaketa oso azkarrekin, ez zuen denbora asko behar izan markagailuan 4 eta 2-koa jartzeko. Horrela, egoera horren aurrean eta partida amaitzeko 8 minutu falta zirenean, Alfredo Hualdek 5-eko jokoaren alde egin zuen. Horrekin konplizitate handia erakutsi zuten Lauburukoek eta Antxonek markagailura beste gol bat igotzea lortu zuen; talde guztiaren artean egindako lan eta jokaldi polit baten ondoren.

Lauburu oso gertu zegoen bere helburua lortzetik, eta denek sinesten zuten markagailuan aurrea hartzeko zituzten aukeretan. Hala eta guztiz ere, Otxartabek partida bukatzeko 30 segundoren faltan, azken gol batekin eman zion amaiera.

Ibartarrek egindako jokoa islatzetik urrun geratzen da emaitza. Oso maila ona eskaini zuten hasieratik, aurkaria mendean hartu eta 3 puntuak etxera eramateko gaitasuna zutela erakutsiz. Triste emaitzagatik, baina pozik egindako lanarekin. Etxeko taldeko zenbait ikuslek ere zale moreak zoriondu nahi izan zituzten euren jokalariek egindako lanagatik. 

Ibarrako entrenatzailearen hitzetan: “Hiru puntuak lortu ez arren, sentsazio onekin geratzen gara, jokalariek bakoitzaren onena eman baitute. Lehen zati bikaina egin dugu, eta bigarrenean jokoa berdindu egin bada ere, askoz sari hobea merezi izan dugula uste dut. Gure helburu nagusitik urruntzen gaituen emaitza honekin, bolada negatiboan jarraitzen dugu. Hala ere, argi daukagu gabonen ondoren indartsuago itzuliko garela, egoerari buelta eman eta denboraldi amaierara arte jardunaldi bakoitzean distantzia murrizten saiatuz.”

Gabonetako geldialdira azkenaldian lortutako emaitzei buelta emateko gogo handiarekin joatea tokatzen da. Gainera, astelehenean, hilak 30, Gipuzkoako Kopako final-laurdenak jokatuko dituzte Laskorain taldeko gure bizilagunen aurka. Partida polita izango da, eta gabonetako itzulerarako proposatutako helburuari forma ematen hasteko balioko dio taldeari.

AUPA MUTILAK!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

OTXARTABE C.D: Yerai Hernandez, Mustapha El Mechat, Miguel Gil, David Barbero eta Endika del Olmo

Horiez gain: Jonatan Falagan, Jonatan Gayoso, Jorge Palacios, David Gomez, Iker Diez, Cristian Blanco eta Roberto Pedrueza

LAUBURU K.E: Andoni Zumeta, Aitzor Oyarbide, Xabier Juaristi, Andoni Carlosena eta Endika Uribe

Horiez gain: Iñigo Iribarren, Andoni Agirrezabala, Oihan Carlosena, Daniel Garcia, Jorge Sanchez eta Beñat Aldalur

GOLAK

1-0 MIN 19 MUSTAPHA

ATSEDENALDIA

2-0 MIN 21 DAVID

2-1 MIN 25 IÑIGO

3-1 MIN 30 MIGUEL

3-2 MIN 31 ANDONI

4-2 MIN 31 YERAI

4-3 MIN 37 ANDONI

5-3 MIN 39 ROBERTO

Arbitroak

Huarte Berra, Xabier (C.T.A. Vasco)

Ocaña Romero, David (C.T.A. Vasco)

Ruiz Gonzalez, Laura (C.T.A. Vasco)